ELAk Donostialdeko metroa alferrikako proeiktua dela eta gertatzen ari dena onartezina dela salatzen du

2020/10/08
Arriola Sailburuak iragarritako atzerapen eta gainkosteak ez dira inoiz onargarriak, baina larrialdi egoera honetan horrelako diru xahuketak are larriagoak direla azpimarratu du sindikatuak. ELAk sarritan baieztatu du Donostialdeko metroaren proiektua ez dela beharrezkoa, “izugarrizko dirutza xahutuko delako dagoeneko badugun azpiegitura baten onura gutxi suposatzen duten aldaketak egiteko”.

Sindikatuak gehitu duenez, orain inoiz baino arrazoi gehiago ditugu metroa beharrezkoa ez dela esateko. Izan ere, Mirakontxa-Easo zatian izaten ari ziren zailtasunen ondoren, atzo bertan Arriola Sailburuak kontratua bertan behera utzi, proiektu berria egin eta berriro esleituko dela jakinarazi zuen.

Proiektua beste bi urtez atzeratzeaz gain, gutxienez %50eko gainkostua izango du zati horrek, eta %70era iritsi daiteke. Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa eredu jasanezinaren beste adibide bat da Donostialdeko metroa. AHTaren obrek urteetan izan duten eredu bera jarraitzen dute metroko lanek ere: beharrezkoak ez diren proiektuak esleitzen dira, baina lanean hasitakoan aldaketak inprobisatzen dituzte izugarrizko gainkosteak eraginez. Urtez urte atzeratzen dira lanak, eta bitartean izugarrizko diru xahuketa suposatzen dute azpiegitura hauek.

ELAk argi dauka gertaera hauek are larriagoak direla bizi dugun larrialdi egoera honetan, kalitatezko oinarrizko zerbitzuak bermatzen ez direnean diru faltaren aitzakiarekin. “Bitartean alferrikakoak diren azpiegitura handi hauetara doa aurrekontuen zati handi bat, eta baita COVID-19ari aurre egiteko Europako funtsetik etorri daitezkeen diruak ere, zerikusirik izan ez arren, AHTa baitago Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako proiektuen artean”, salatu du.