Gipuzkoako 25 suhiltzaileentzako plazen EPEa erabateko porrota izan da

2017/07/06
Hasieran onartutakoen %3ak soilik gainditu duela lehenengo ariketa eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren azalpen eza salatzen ditu ELAk. Aldundiaren suhiltzaileen EPEko lehen frogara aurkeztu ziren 373 pertsonetatik 30ek soilik gainditu dute, hau da, hasieran onartutako eskarien (1021) %3a. Aurreko EPEan aldiz, 300 pertsona baino gehiagok gainditu zuten hautaketa prozesu osoa.

2016ko abenduan Gipuzkoako Foru Aldundiak suhiltzaileentzat 25 plaza betetzeko oinarriak argitaratu zituen, prentsan aho biziz zabalduz. Oinarri hauek berrikuntzak zekartzaten, aurrez langileen ordezkariek salatuak, eta hautaketa prozesua asko zaildu dutenak, dealdi honen zain zeuden pertsona asko kanpoan geratuz.

Hasteko, C+E gidabaimena eskatu da parte-hartzeko baldintza bezala nahiz eta hau ez izan lanpostuaren baldintza edo betebehar bat. Hau legezkoa den zalantzagarria da eta oposaketetan parte hartu dutenentzat kostu ekonomiko extra bat suposatu du. Gainera honek, hasieran onartutako 1021 eskarietatik 400 bat pertsona (%39) kanporatuak geratzea eragin du, gidabaimen hau denboraz ez akreditatu izanagatik.

Bestetik, gaitegian Guadalajarako suhiltzaile zerbitzutik ekarritako gaiak eta fisika, kimika eta algebran ezagutzak txertatu dira, Euskadiko Suhiltzaileen Zerbitzuetarako Deialdi Bateraturako Oinarrietarako adostutako irizpideetatik urrunduz.

Lehen ariketa, maiatzaren 25ean egin zena, parte-hartzaile gehienengatik salatua izan da, izan ere, hauen ustetan honen konplexutasuna ez zetorren bat postuaren perfilarekin ezta eskatu zitekeen jakintza mailarekin kontutan hartuta parte-hartzeko eskatutako titulazioa eskola-graduatua zela. Honez gain lehen ariketa hau egiteko denborak ere ez direla nahikoak izan salatu dute.

Guzti honen ondorioa froga hau 30 pertsonek soilik gainditzea izan da eta oraindik beste bost froga geratzen dira, hauetatik gehienak kanporatzaileak: froga fisikoak, psikoteknikoak, ofizioak, euskararn akreditazioa froga eta mediku azterketa.

Hau dena honela izanik, oso probablea da, etorkizuneko ordezkapenetarako zerrendak ez sortzeaz gain deitutako 25 plaza hoiek ere ez betetzea eta beraz, prozesu berri bat deitzeko beharra egotea, honek zerbitzuan sortzen duen arazoarekin eta lurralde honetako langile guztiok ordainduko dugun gastu gehigarriarekin.

Eta orain, hondamendi honen zergatiak azaltzea egokitzen zaienean, parte-hartzearen eta gardentasunaren diputatuak, Nafarroan ez bezala (non Foru Erkidegoko Lehendakariak Nafarroako suhiltzaileen EPEan esku hartu zuen), beste alde batetara begiratzen du eta EPEarekin aurrera jarraitzen du ezer gertatuko ez balitz bezala. Beraz, honek argi uzten du bere lurralderako gobernantza eredu berrien diskurtsoaren hutsaltasuna eta postureoa.

Guzti honengatik, ELA sindikatuak gertaturikoa azaltzea eta enplegu deialdi honetako kudeaketa penagarriagatik eta Gipuzkoako Foru Aldundian lan baldintzen prekarizazio politikan sakontzeagatik erantzukizunak bere gain hartzea exijitzen die Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunei.