ELAk greba mugagabean dauden hiru langileren kaleratzea salatu du
ELAk uste du kaleratzeak onartezinak direla eta jazarpen sindikalaren erakusgarri direla, Donostiako Metropolitaneko zuzendaritzak lan gatazkari irtenbidea bilatu beharrean plantilla beldurtzea eta kikiltzea bilatzen duela iritzita. Langileek grebari eusten diote, negoziazioen blokeoaren aurrean, eta honako hauek dituzte aldarrikapen nagusi: kaleratutako langileak berehala berriz hartzea eta Donostiako zentrorako hitzarmen propioa sinatzea.
Testuinguru honetan, Lan Ikuskaritzak 110.000 euroko zehapena ezarri dio enpresari, ELAk aurkeztutako zazpi salaketen ondoren, besteak beste, eginkizunen ordezkapen irregularra eta greba eskubidearen urraketa direla eta.
Zehapen horri Kontsumobidek ezarritako beste 78.000 eurokoa gehitu behar zaio. Ia 500 bazkidek erreklamazioak aurkeztu zituzten erakunde horren aurrean, kontratatutako zerbitzuengatik zegokien prestazioa jaso ez zutelako; izan ere, grebaren ondorioz ezin izan dituzte zerbitzu horiek baliatu. ELAren arabera, enpresak ez zien erreklamazio horiei erantzun, eta horrek ekarri zuen zehapena. Bi erakundeek jakinarazitako zehapenen zenbatekoa, guztira, 188.000 eurokoa da.
Horrez gain, ELAk oinarrizko eskubideen babeserako demanda aurkeztu du, Lan Ikuskaritzaren ebazpenean oinarrituta. Epaiketa datorren abenduaren 16rako dago ezarrita.
Negoziazioa blokeatuta
Greba mugagabea apirilean hasi zenetik, Metropolitaneko zuzendaritza behin bakarrik bildu da langileen ordezkariekin negoziatzeko. Bilera horretan, enpresak planteatu zuen plantilla osatzen duten hainbat kolektiboren lan-baldintzen negoziazioa estatuko eremura eramatea.
ELArentzat, proposamen horrek ezikusiarena egiten dio Donostiako Lan Harremanen Kontseiluan (LHK) irekitako negoziazio esparruari; izan ere, bertan ari ziren zentroko gatazka aztertzen eta bideratzen. ELAk adierazi du grebari eta mobilizazioei eutsiko diela, harik eta aldarrikapen nagusiak lortu arte.