Cotronic

Epaiketa hasi da, Telefonikaren azpikontratan izandako lan istripu baten osteko kaleratzeak direla eta

2024/10/31
ELAk deituta, greba eguna izan dute gaur, bi langileak berehala berriz lanean hasteko eskatzeko. Sindikatuak gogorarazi du Lan Ikuskaritzak ondorioztatu zuela Cotronic eta Telefónica enpresak direla lan istripuaren erantzule zuzenak.

Gaur, urriak 31, Cotronicek (Telefonicaren azpikontrata), 2023ko irailean agindutako kaleratze baten lehen epaiketa egin da. Orduan, enpresako langile bat altuera batetik erori zen Gabirian (Gipuzkoa). Langilea larri zauritu zen eta, ordutik, bajan dago. Gertaera ikusi zuen lankidea ere bajan dago, enpresaren partetik jasandako presioen ondorioz.

Cotronicek bi langileak kaleratzea erabaki zuen orduan, prebentziozko neurriak bete ez zituztela argudiatuta. Hala ere, lan istripua gertatu zenean, ELAk salaketa jarri zuen Lan Ikuskaritzan, eta horrek ondorioztatu zuen Cotronic eta Catica enpresak zirela lan istripuaren erantzule zuzenak. Gaur, urriak 31, langileek greba eguna eta elkarretaratzea egin dute Donostian, eta kaleratutako bi lankideak berehala lanera itzultzea eskatu dute. Urtarrilean eta otsailean beste 6 greba egun egin zituzten.

Gauzak horrela, ELAk bi langileak berehala berriz lanean hasteko eskatu du. Bide beretik, lan baldintza prekarioak salatu ditu. "Lan karga handiak dituzte eta esleitutako zereginak ahalik eta lasterren amaitzea exijitzen diete, uneroro. Gero eta lan baldintza okerragoak dituzte eta gutxieneko prebentzio neurriak ere ukatzen zaizkie", adierazi du sindikatuak.

ELAk frogatutzat jo du Cotronic eta Telefónica direla gertatutako istripuaren errudunak, baita nahitaezko prebentzio neurriak ez betetzearen erantzuleak ere. Sindikatuak dio enpresak ahalik eta etekin handiena lortu nahi duela, langileen segurtasunaren eta osasunaren gainetik.