Erraustegiko obretan Gipuzkoako Hitzarmena bermatzeko konpromisoa hartu du UTE CIVIL ZUBIETAk

2017/12/14
Gaur, abenduak 14, ELAk UTE CIVIL ZUBIETAren kontra azaroaren 17an aurkeztu zuen gatazka kolektiboaren bigarren bilera egin da Lan Harremanen Kontseiluan. Bilera honetan ELAk salatutako irregulartasunak egiaztatu dira, eta UTEa konprometitu da Gipuzkoako Eraikuntzako Hitzarmena bermatzera. Konpromiso hau betetzen dela egiaztatzeko otsaila hasieran beste bilera bat egitekotan gelditu dira.

100 langiletik gora dabiltza lanean Zubietako Erraustegiaren eraikuntzan, Gipuzkoako Eraikuntza eta Obra Publikoetako Hitzarmen Kolektiboak ezartzen dituen baina lan baldintza askoz kaskarragoetan.

Obretara bisita ugari (baita igandeetan ere) egin ondoren eta langileek eta azpikontrataren batek eman zizkiguten dokumentazioak aztertu eta egiaztatuta, ELA sindikatuak baieztatu, salatu eta frogatu du Zubietako Erraustegiko obretan ematen den prekarietatea, lan segurtasun gabezia eta iruzurra.

Lan baldintzak

Abusuzko jardunaldiak, lan erritmo gehiegizkoak eta miseriazko soldatak eguneroko ogia dira Zubietan lan egiten duten azpikontrata desberdinetako langileentzat.

  • Eguneko 11 ordu baina jardunaldi luzeagoak (larunbatak barne).
  • Igandetan 7:00etatik 14:00etara egiten da lan.
  • Hilean 100 ordu extra baina gehiago egiten dira (legeak gehienez urtean 80 baimentzen ditu).
  • Lanean 27 egun jarraian, inolako atsedenik gabe, aritu diren langileak daude.
  • Abusuzko jardunaldi horiek egiteari uko egin dieten langileak mesprezatuak izan dira eta batzuk kaleratuak.
  • Azpikontrata desberdinetako langile gehienek, Gipuzkoako Hitzarmenean dagokiena baina %40-60 gutxiago kobratzen dute.
  • Lan orduko 7-9 euro kobratzen dituzte, prezio horren barne guztia egonda (pagak, dietak, oporrak…).
  • Gehienek ez dute ordaindutako oporrak izateko eskubiderik.
  • Inork baja hartzen badu (behin behineko ezgaitasuna) kalera doa.

Langile gehienak atzerritarrak dira eta %85tik gora Euskal Herritik kanpo bizi dira. Hau da, gaua beren etxetik kanpo pasatzen dute, babesgabe sentitzen dira eta ez dituzte ezagutzen Gipuzkoako Hitzarmenagatik dagozkien eskubideak.

ELAren salaketak

ELAk salaketa etengabeak egin ditu obra hauetan:

  • Aurtengo urriaren 19an ELAk publikoki salatu zituen -froga argiekin- obra honetako prekarietatea, lan segurtasun falta eta iruzurra.
  • Zenbait salaketa kolektibo zein indibidual aurkeztuta, eta UTE CIVIL ZUBIETA osatzen duten azpikontrata eta enpresekin hainbat bilera egin ondoren, azaroaren 17an ELAk Lan Harremanen Kontseiluan salaketa kolektibo bat aurkeztu zuen ere.
  • Lehen minututik Lan Ikuskaritza hau guztiaren jakinaren gainean izan da.

Egiaztapena eta konpromisoa

Kaltetutako langileekin, azpikontrata salatuekin eta UTE CIVIL ZUBIETAko arduradunekin zenbait bilera egin ondoren, gaur, abenduak 14, Lan Harremanen Kontseiluan ELAk azaroaren 17an UTE CIVIL ZUBIETAren kontra aurkeztu zuen gatazka kolektiboaren bigarren bilera egin da.

Bilera honetan:

  • Egiaztatu da ELAk Zubietako obretako langileen lan-baldintzen inguruan salatutakoa.
  • UTEak Gipuzkoako Eraikuntzako Hitzarmenarekin egin den irregulartasun eta soldata desberdintasun hauek berehala konpontzeko konpromisoa hartu du.
  • UTEak konpromisoa hartu du jardunaldiak laburtuko dituela Hitzarmenak eskatzen duenera, eta errespetatuko dituela legeak arautzen dituen eguneko eta asteko atsedenaldiak.

UTEaren arduradunek baieztatu nahi izan dute:

  • Hasi direla -aste honetan bertan- azpikontrata desberdinetako langileen lan jardunaldiak kontrolatzen eta erregulatzen obrarako sarreran torno bidezko kontrola jarriz.
  • Azpikontrata desberdinekin bilerak egiten hasi direla ELAk salatutako desberdintasun ekonomikoak konpontzeko.

ELA sindikatuak jarraituko du egiaztatzen Zubietako obretan lurraldeko Hitzarmena eta lan osasuna eta segurtasuna betetzen diren edo ez. Era berean, Lan Ikuskaritzara ikusi duena eramango duela hitz eman du, egin beharrekoak egin ditzan.