Garbikuntza greban: hau hasiera besterik ez da izan

Urtebeteko negoziazioak egin ondoan, Gipuzkoako Eraikin eta Lokaletako Garbikuntzaren Sektorearen mahaia itopuntuan dago. Eskakizun sindikala sektoreko %28ko soldata-arrakala desegitea da, baina patronalak zirkinik ere ez du egin, eta soldata-arrakalarik dagoenik ere ukatzen jarraitu du.
Alderdi sindikalaren aldetik sektorearen prekarietate-egoera jarri da eztabaidagai. Izan ere, eraikin eta lokaletako garbikuntza sektore erabat feminizatua da, non lanaldi partzialak %80 diren. Horregatik negoziazioan oso garrantzi handiko gaiak aurkeztu ditugu:
1. Alde batetik, absentismoagatik kaleratzeko aukera eragozteko klausulak sartzea proposatu dugu. Zeren sektore honetako gaixotasun arrunteko baja asko, izatez, lanbide-gaixotasunetatik eratorriak dira, nahiz eta gaixotasun-mota horren berariazko zerrendan agertu ez.
2. Bestaldetik, ordu osagarriak finkatu nahi ditugu. Lehenago azaldu dugunez, sektoreko gehien-gehienek oso lanaldi laburrak dituzte, eta lanaldiak luzatzeko neurri gisa, egiten diren ordu osagarrien %50 finkatzea proposatu dugu.
3. Azkenik, berdintasun-planen klausulak. Sektore feminizatu honetan oso garrantzitsua da berdintasun-planak hitzartzea gure lantokietan, enpresa gehienak estatu-esparrukoak baitira.
Ikuspuntuak elkarri hurbildu beharrean, patronala mahaia blokeatzen ari da, eta negoziazioan atzerapausoak emateko mehatxuak egiten. Horregatik guztiagatik, ELA sindikatuak, sektoreko sindikatu nagusia denez, gaurko egunean greba egitera deitu zuen.
ELAn badakigu soldata-arrakala justizia sozialeko gaia dela. Nazka-nazka eginda gaude ikusezinak izateaz. Nazka-nazka eginda sektore feminizatu honetan arrakala izateaz, bai soldaten aldetik, bai kontratazioaren aldetik. Nazka-nazka eginda inork entzun nahi ez digulako. Nazka-nazka eginda doain lan egiteagatik. Horregatik atera gara gaur kalera.
Gaurko grebak arrakasta izan du, sektoreko langileek jarraipen ugaria egin diote. Kontuan izan behar dugu sektore hau oso sakabanaturik dagoela, eta langile askok bakarka egiten duela lan etxeetako atarietan, bankuetan... Hala ere, azpisektore askotako langileek egin dute greba; besteak beste, sektore publikoan, Zumarraga, Soraluze edo Eibarko udaletan; sektore pribatuan: GKN, ABB Niessen, Fagor Automotion eta Ulma enpresetan; merkataritzan: BM, Carrefour, COSS, Oysho eta Zara Home enpresetan; bankan: La Caixan, Bankoan, Laboral Kutxan eta Deutsche Banken. Baita etxeetako atarietako garbitzaile askok.
Donostiako Konstituzio Plazan egindako mobilizaziora 200 langile baino gehiago joan dira Gipuzkoako bazter guztietatik. Gero, manifestazioa eta akelarrea ere egin dugu, sektore honetako bidegabekeria eta desberdintasun guztiak jendaurrean salatzeko eta bertan erretzeko. Sua soldata-arrakalari! Sua instituzio publikoen propagandari! Sua patronalaren mehatxuei! Sua gaixotasun profesionalen zerrenda andozentristari!
Eta gaurkoa ikusita argi dago prest gaudela patronalari aurre egiteko, eta baita soldata-arrakala ezabatzeko ere. Gaur Donostiako kaleetara atera gara gure prekarietatea denen aurrean salatzeko, baina badakigu gaurkoa hasiera besterik ez dela izan. Patronalak mehatxuen bidetik jarraitzen badu, guk mobilizazio gehiago antolatu beharko ditugu kaleetan gure egoera jendaurrean agertzeko, gaur egin dugun bezala.