Gehiegizko gutxieneko zerbitzuek eta grebalarien ordezkapenek erraustegiko greba bertan behera uztera behartu ditu langileak

2021/12/03
ELAk Lan Ikuskaritzan eta epaitegietan auzitara eramango ditu legez kanpoko ekintzak. Ekobaleko grebalariek, Zubietako erraustegia kudeatzen duen azpikontratakoek, erabaki dute greba mugagabea bertan behera uztea. Greba deitzeko arrazoiek bere horretan jarraitzen dute, erraustegia oso gaizki kudeatuta baitago eta ez du lan legedia errespetatzen. Gehiegizko gutxieneko zerbitzuek eta grebalarien ordezkapenek, ordea, oztopatu dute greba egin ahal izatea, eta langileek erabaki dute bertan behera uztea.

Hori dela eta, ELAk legez kanpoko ekintzak auzitara eramango ditu. Bestalde, ELAk lanean jarraituko du, lan baldintzak duindu arte, langileen lan osasunarekiko eta, oro har, gizartearen ingurumenarekiko errespetua bermatu arte.