GFAk Donostiako UCAS-Txara 1 erresidentzia ixtea agindu du, 16 langileren kaleratzea eraginez

2021/03/03
ELAk uste du eskandalagarria dela, pandemia betean eta COVID-19ak gehien astindutako sektorean, Foru Aldundiak zaintza sektorea indartu ordez, zahar egoitza bat ixtea eta enplegua suntsitzea, 16 langileren kaleratzea eraginez. Gainera, foru erakundeak ez die bere erabakiaren berri eman ez zentroari, ez langileei, ez erabiltzaileei.

ELAk Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako Txara 1 egoitza ixtea eta 16 langile kalean uztea salatu du zahar egoitzaren aurrean egindako kontzentrazioan.

Halaber, gardentasun falta leporatu dio foru erakundeari, langileei eta erabiltzaileei itxieraren berri ez emateagatik. Langileek informatu ondoren, familiek beraiek jarri dira zuzenean harremanetan foru arduradunekin, eta ziurtatu diete erabiltzaileak birkokatuko dituztela. Bitartean, langileen lan-etorkizuna airean dago. Aldundiak, horren inguruan inolako irtenbiderik ez eskaintzeaz gain, hiru aldiz uko egin dio ELArekin eta sindikatuak zentroan duen ordezkariarekin biltzeari.