Gipuzkoako Aldundiak ez du Enplegu Publikoaren Eskaintza negoziatu nahi

2017/12/04
ELAk Enplegu Publikoaren Eskaintza zabala eskatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bitartekotasun-tasa handiarekin bukatzeko. Gaur egun 661 lanpostu hutsik daude, ez aipatzearren programetan aritzen diren bitarteko langileak, egitura-postuetan aritu beharko zirenak.

Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatu Imanol Lasak egotzi dio jendaurrean ELA sindikatuari gizartearen eta langileen aurka aritzea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2017ko Enplegu Publikoaren Eskaintzari errekurtso bat jarri izanagatik. ELArekin hain itsuturik dagoenez, ez du esan demanda Gipuzkoako Foru Aldundiko Enpresa Batzordeak jarri duela, eta epaitegiak izapidetzeko onartu duela, zeren agerikoa izan baita aldundiak legea urratu duela, EPE hori ez negoziatzeagatik eta ez hitzartzeagatik.

ELA sindikatuak enplegu publikoaren eskaintza masiboa eskatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bitartekotasun-tasa handiarekin bukatzeko. Gaurko egunean 661 lanpostu hutsik daude, ez aipatzearren programetan aritzen diren bitarteko langileak, egitura-postuetan aritu beharko zirenak. Europatik datozen adierazpenen arabera bitarteko langileak horrelako postuetan aritzea ez da legezkoa, eta enplegua finkatzeko prozesuak egin behar dira. Ildo horretatik, Estatuko Aurrekontu Orokorren Legeak %8tik beherako mailan ezarri du bitartekotasun-tasa.

Aldundiak duen bitartekotasun-tasa eskandaluzkoa izan arren, plantillaren %35ekoa, nahiago omen du Autonomia Erkidego honetako administraziorik prekarioena izaten jarraitzea, eta jaramonik ez egitea Legeak xedatutakoari. 41 plazako EPE bat argitaratu du, negoziatu gabe, 620 postu hutsak finkatu gabe utziz. Beste administrazio batzuek argitaratu dituzten EPEen bidez, ordea, bitartekotasun-tasak gutxituko dira. Hor dago, urrutira joan gabe, Bilboko Udalak (EAJ/PNV) argitaratu duena, 216 plaza biltzen dituena, ELArekin adostua, bide batez esanda, zeinaren bidez bitartekotasun-tasa %5era murriztuko baita.

Zoritxarrez, bagenekien nolakoa den Gobernantza diputatuaren jarrera: herritarren aurrean negoziazio- eta gardentasun plantak egitea, baina Aldundiaren barruan legea saihestu, alde bakarreko erabakiak hartu eta ezarpenaren bidetik jokatzea. Diputatu horrek berak amaitutzat jo ditu hitzarmenaren negoziazioak, akordiorik gabe, eta beste hitzarmen bat dekretu bidez onartzeko asmoa adierazi du. Beste jauntxokeria horren aurrean epaitegira jo beharko dugu, berriz ere, langileentzako babes bila.