Gipuzkoako eraikin eta lokaletako garbitzailek elkarretaratzea egin dute Lan Harremanen egoitzaren atarian

2021/02/05
Gipuzkoako eraikin eta lokaletako garbitzailek bilera izan dute patronalarekin PRECOren egitzan lan hitzarmena negoziatzeko asmoz. Langileok % 28ko soldata-arrakala dute Gipuzkoako kale-garbiketarekin alderatuta, Gogoratu behar da ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek greba deitu zutela urtarrilaren 21 eta 22an lan hitzarmenaren alde.

Eraikinen eta lokalen hitzarmenak 5.000 langileri eragiten die Gipuzkoan. % 80 emakumeak dira. Langile horiek % 28ko soldata-arrakala dute Gipuzkoako kale-garbiketarekin alderatuta, sektore hori erabat maskulinizatuta baitago. Baina aldea ez da soilik soldatarena, % 80ko partzialtasuna ere badute, eta kale-garbiketan, aldiz, kontratu partzialak % 20 ingurukoak dira. Beste behin ere, prekarietateak emakume aurpegia du.

Langileek nabarmendu dute pandemian zehar funtsezko sektoretzat hartu direla gizarteak eta ekonomiak beren jarduera modu seguruan jarraitu ahal izateko. Norbera babesteko ekipamendurik gabe joan dira beren lanpostuetara, inolako babesik gabe, eta arriskuan jarri dituzte beren eta beren senideen osasuna, baina beren lan-baldintzak negoziatzeko ordua iristen denean, patronalak 0 soldata-igoeraren planteamenduekin erantzuten du, soldata-arrakala aitortu edo jorratu gabe jarraitzen du, eta garbiketa feminizatuari balioa kentzen dio.

Sindikatuek deskalifikatu egin dute soldatak igotzeko proposamenik ez egitearen jarrera, "norbera babesteko ekipamenduetan diru asko inbertitu behar izan dutelako"; izan ere, gaur egun langileek erosi behar izaten dituzte musukoak, enpresek ez dituztelako behar adina hornitzen. Gauzak horrela, sektoreko langileak borroka egiteko eta grebara joateko prest daude. "Ez dugu txalorik nahi, lan baldintza duinak nahi ditugu; gure lanpostuetara seguru joan nahi dugu, errespetatuak izan nahi dugu eta soldata arrakalarekin amaitu".