Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraikinetako garbitzaile azpikontratatuak grebara joango dira otsailaren 22, 23, 24 eta 25ean

2022/02/15
ELA, LAB eta ESK sindikatuek greba deitu dute otsailaren 22, 23, 24 eta 25erako, EULENek -Gipuzkoako Foru Aldundiko eraikinen garbiketa-zerbitzuaz arduratzen den azpikontrata- uko egin diolako langileen erosteko ahalmena ziurtatzeari, alegia, ez duelako KPIri lotutako soldata-planteamendurik egin nahi.

Era berean, deitoratu dute administrazio publikoak, zerbitzuaren azken arduradunak, uko egin izana negoziazio-mahaian parte hartzeari eta gatazkan esku hartzeari, baina gutxieneko zerbitzuen alegazioak egitea. Aurrekoaren ildotik, Diputazioari hiru bilera eskatu eta gero, grebaren aurreabisua egitean soilik agertu da  biltzeko prest. Zerbitzuaren pleguak martxan daude eta gaur, otsailak 15, bilera izan dute. Bertan sindikatuek eskatu dute ez ditzatela esleitu pleguak irizpide ekonomikoen arabera. “Aldundiaren esku dago zerbitzua planteamendu ekonomiko txikienari ez esleitzea, baina Aldundiak berak zerbitzu horretarako aurrekontuaren zenbatekoaren estimazioa egiten badu, nola uste dute zerbitzu bera aurrekontuaren % 15 gutxiagorekin berma daitekeela?”, kexu dira.

Bilera batzuen ondoren, negoziazioa blokeatuta dago. EULENek, KPIarekin inolako loturarik egiteari uko egiteaz gain, 2021ean langileen soldata izoztea proposatu du, eta hori onartezina da ELA, LAB eta ESKrentzat; izan ere, gogorarazi dute pandemia betean zerbitzua ematen jarraitu ez ezik, indartu ere egin dela.

Sindikatuek gogorarazi dute sektore maskulinizatuetan patronalak KPIarekin lotutako soldata igoerak planteatzen dituela; feminizatuetan, ordea, uko egiten dio, hala nola Aldundiaren mendeko eraikinen garbiketa-zerbitzuan. Azpikontratatutako zerbitzua da eta emakumeak dira nagusi.

Gauzak horrela, ELAk, LABek eta ESK-k inplikazioa eskatu diote Foru Aldundiari, zerbitzu horren arduraduna den aldetik. “Aldundiaren erabaki politiko eta ekonomikoa da gu azpikontratatutako langileak izatea, estrategia ekonomizista bati erantzuten dion erabakia da hau, beraz, bere erantzukizuna da”, diote.