Gipuzkoako hoteletan gertatzen ari dena ez da kasualitatea
Zerbitzuen externalizazioa piztia geldiezin bat bezala ari da gure lan munduan barneratzen, eta Gipuzkoako ostatu eta hotelak ez dira errealitate honetatik at gelditzen. Zerbitzuen azpikontratazioa hotelen ADNan txertatzen doa, eta gero eta gehiago dira jardun honen aldeko apustua egiten duten hotelak.
Externalizazioak muturreko prekarietatea sortzen du, zuzenki lotuta dauzka lan egun amaigabeak, aldi baterako kontratuak, ordukako kontratuak, soldata baxuak, lan berdina egiten duten langileen artean kategoriak, etb. Guztiaren gainetik flexibilitatea eta kostuen gutxitzea topatzen du, atzean dagoen langilearen egoerari jaramonik egin gabe.
Gipuzkoako hotelek orain urte asko ikusi zituzten jardun honek izan ditzazkeen “abantailak”. Besteak beste, lan flexibilitatea igotzeko aukera eta langileen artean egonezina eta beldurra zabaltzeko aukera.
Egoera honen aurrean ELAtik argi daukagu negoziatzen ari garen sektoreko hitzarmen kolektiboak jardun honen erregularizazioa barneratu beharko duela, hau hitzarmen batean debekatzea legez kanpokoa delako, legeak enpresen jarduteko modu hau defendatzen duelako.
Guzti honek lotura zuzena du izan nahi dugun gizarte ereduarekin eta orain arte lortu diren eskubideen mantentzearekin. Azpikontratazioak lan munduaren egitura eta funtzionamendu berri batean aurrean jartzen gaitu, eta sortzen duen prekarietateak desberdintasun sozial eta ekonomiko handiagoak dituen gizarte eredu baterantza bideratzen gaitu.
Egoera honi aurre egiteko bide bakarra dago: LANGILEON BORROKA. Gure lan baldintzen alde, kalitatezko lanaren alde eta soldata duinen alde, langileok antolatu eta borrokatu egin behar dugu.