Gipuzkoako instituzioetako garbitzaileek kalitatezko Q morea exijitu dute

Administrazio publikoetako zerbitzuen azpikontratazioa ez da betidanik existitu den fenomenoa. 90. hamarkadan jarri zen martxan pribatizazioen prozesua. Garai hartan ELAk prozesu hau irmoki salatu zuen eta oraindik ere salatzen jarraitzen du. Publikoak diren zerbitzuak enpresa pribatuen esku uzteak “zerbitzua hobeto kudeatuko dela”, “dirua aurreztuko dela” etab diote administrazio publiko zein patronaletako ordezkariek. Baina tesi horretatik at geratzen dira langileen lan baldintzak zein egoeratan gelditzen diren. Subrogazioa izango duten ez da bermatzen, langile kolektiboari aplikatuko zaion hitzarmena zein den ez da sarritan bermatzen Udalek publikatzen dituzten baldintza tekniko zein administratiboetan eta haratago joanda, adjudikazioak prezio beherakada ikaragarriekin ematen dira eta beherakada horien ondorioz langileen lan baldintzak okertzea dator.
ELAtik emakumezko hauek guztiak argitara atera nahi ditugu gaurko mobilizazio honetan. Argitara atera, lehen lerroan kokatu eta borroka feminista azmiparratu
Gipuzkoako udalerri gehienetan, Udalaren menpeko garbitasun zerbitzua azpikontratatuta dago -duela hiru hamarkada ez bezala- eta beraz, zerbitzuaren kudeaketa lan baldintzak edota zerbitzuaren kalitatea baino irabaziei garrantzi gehiago ematen dieten enpresa pribatuen esku uzten da. Ondorioz, langileen lan baldintzak okertuz: lan karga ikaragarriak, murrizketak ordu kopuruan, hitzarmenak izoztuta…
ELAk hasieratik salatu ditu pribatizazio-prozesu guztiak eta oraingoan Gipuzkoako udalerrien menpeko garbitasunaren zerbitzua ematen duten emakumeengan jarri nahi dugu fokoa. Ehundaka dira, herri desberdinetan sakabanatuta, baina zoritxarrez lan baldintza desberdinak dituzte batak eta besteek. Lan baldintza horiek administrazio publikoetako erreferientzietara ekiparatzea da ELAren helburu nagusia. Adibide gisa, Azkoitiako udaleko garbitasuneko langileei gipuzkoako garbitasuneko hitzarmen probintziala aplikatzen zaie -17.278,17€urteko-, Hondarribian 19.715€ irabazten dute urteko eta Zarautzen, berriz, 21.693,77€.
Negoziazio kolektiboaren eta langileen borrokaren ondorioz lorpen handiak egin dira sektore honetan:
- Donostiako Udaleko garbitzaileak: greban 31 egun, egin zituzten, %30eko soldata igoerak lortuz.
- Irungo Udala: 96 eguneko greba. Hezkuntza sailaren menpeko garbitzaileaen lan baldintzekin parekatzea lortu zuten.
- Zarauzko Udala: mobilizazio hainbat egin ostean, probintzia hitzarmenaren oso gainetik dauden lan baldintzak lortu zituzten.
Ehundaka emakume dira, “ikusezinak”, zerbitzu publiko eta gizarte osoaren ongizaterako zerbitzua eskaintzen dutenak eta guztion goratzea merezi dutenak. Ez da kasualitatea sektore honetako langileen gehiengoa emakumezkoak izatea, botere-sistema matxista baten ondorioak jasaten baitituzte, gizartean hedatu den pentsamolde baten pean bizi dira “garbitzeko ez da prestakuntzarik behar”, “hori edonork egin dezake”....
ELAtik emakumezko hauek guztiak argitara atera nahi ditugu gaurko mobilizazio honetan. Argitara atera, lehen lerroan kokatu eta borroka feminista azmiparratu. Errealitate onenak dituztenek euren lan baldintzak defendatu eta babestuz eta oraindik baldintza okerragoetan daudenei antolatu eta borrokatzera animatuz.
Horretarako Gipuzkoako Plazan, Foru Aldundiaren Jauregi parean, enplegu feminizatua kalitatezkoa izan dadin Q bat eta emakumeen sinboloa uztartzen duen irudiaren mosaikoa egin dute. Izan ere, garbikuntzako hitzarmen probintzialaren indarraldia 2017ra artekoa da, beraz, 2018 urtean baldintza denak betetzen dira garbikuntzako esparru azpikontratatu publikoetan lan baldintzak hobetzeko. Era berean, Aldundiko Berdintasun zuzendariari idatzia entregatu zaio Gipuzkoako udaletako garbikuntza azpikontratetan eta Diputazioa parte den enpresa publiko zein pribatuetako garbikuntza azpikontratetan soldaten berdintasuna bermatze aldera pausoak eman daitezen. Izan ere, jakina da emakumeen eta gizonen arteko soldata-arrakala egon badagoela (%23,9koa Hego Euskal Herrian), bada garbikuntzaren kasuan, ia osotasunean emakumeek osatua, administrazioan kobratuko luketena baino %20 gutxiago kobratzen dute. Soldata-arrakala desberdinkeriaren elementu estrukturaletako bat da, eta desberdinkeria horri aurre egitea erakunde publikoen eta gizarte-eragileen betebehar estrategikoa izan behar da. Garbikuntzako esparru honetan aurre egiten badiogu, aurrerapauso handia izango da berdintasunan erreal eta eraginkorraren bidean.