Gipuzkoako Merkataritzako hitzarmenak berreskuratzeko mobilizazioak

2017/04/07
Gaur elkarretaratzea egin dute Gipuzkoako Merkataritza sektore desberdinetako ordezkariek, ADEGI aurrean, negoziazioak desblokeatu eta hitzarmenak berreskuratzeko. Azken urteotan negoziazio mahaian parte hartu nahi duten patronal berriak azaldu dira, eta beraien artean bakoitzaren ordezkaritzaz ez direnez ados jartzen, negoziazioak blokeatuta jarraitzen du. Arazo hori errotik konpondurik egongo litzateke, baldin eta patronalen ordezkaritza frogatzeko sistema bat, publikoa, objektiboa, gardena eta egiaztagarria balego, sindikatuen kasuan dagoen bezalaxe.

Irakurri prentsa ohar osoa

2008 aurretiko ekonomiaren hazkunde garaian merkataritzako soldatak lan-merkatuaren azken postuetan zeuden. Hori ikusita, ELAk aurrera-jauzi bat proposatu zuen, langile horien soldatak orduko egoera oparora egokitzearren. Baina iritsi zen krisia, lan-erreformak, eta patronalak bere proposamenak erretiratu zituen mahai gainetik, 2013ko uztailaren 7an hitzarmenen iraungitzeak ematen zion boterearen jakitun. Ordutik aurrera, ondorioz, ELAk negoziazio kolektiboa, blindatze klausulekin, berriro abiarazteko egiten zituen saiakerak, patronalek geldiarazten zituzten lan-erreformak ematen dizkien erremintak erabili nahi dituztelako: malgutasuna, inaplikazioa...

Gogoan izan behar dugu ere Utzailaren 7 haren bezperatan LAB eta CCOO sindikatuek sinatu zuten Merkataritza Orokorreko Hitzarmena (Merkataritzan ELAk gehiengo osoa ez duen bakarra). ELAk ez zuen sinatu, eta asmatu genuen, zeukan arriskuagatik. Izan ere, merkataritzaren gainerako hitzarmenen aurrera-eraginaren amaierarekin batera Merkataritza Orokorrekoa bazterreko hitzarmen bat izatetik, beste hitzarmemetaran hedatu zen. Hori ez zen esanguratsua izango, ez balitz askoz baldintza txarragoak dituelako, Merkataritzaren gainerako azpisektoreetakoak baino dezente apalagoak. Batzuetan estatuko zenbait hitzarmenetan baino are soldata txikiagoak dituzte, esate baterako, drogerietan eta lurrin-dendetan.

Konparazio baterako:

Hitzarmena

Indarraldia

Dendariaren urteko soldata

Gipuzkoako Larrukien Merkataritza

2006-2009

17.705,70 €

Gipuzkoako Ehunkien Merkataritza

2006-2009

18.676,35 €

Gipuzkoako Metal Merkataritza

2005-2008

18.534,30 €

Gipuzkoako Merkataritza Orokorra

2013-2014

12.155,10 €

Estatu Drogeria eta Lurrin-dendak

2012-2016

13.002,54 €

Zerbait aldatzen da negoziazio mahaietan parte hartu nahi duten patronal berriak azaltzen diren momentuan. “Jai egunetan jai” mobilizazio bateratuen inguruan merkataritza txikiko patronala den Dendanrteanek mahaian parte hartzeko borondatea erakusten du, horrela igande eta jai egunetan dendak ez irekitzeko eskaria hitzarmenean txertazeko asmoz. Prest zegoen ere lan-baldintzak hobetzeko, eta baita lan-erreformaren aurreko negoziazio-arauak aplikatzeko ere: aurrera-eragin mugagabea eta aplikazioaren bermea.
Abenduaren amaieratik saiatu gara negoziazioak irekitzen hainbat hitzarmenetan (ehunkien, altzarien, larrukien eta metalaren merkataritzan). Zenbait bilera egin dugu, baina 3 hilabete ondoren, oraindik ez ditugu negoziazio-mahaiak eratu, eta ez gara hasi hitzarmen horien edukiez hitz egiten.

Aldi honetan, negoziazio-mahaietan, betiko patronalez gain, Dendartean eta Garen patronalak ere batu dira. Egindako bilera guztietan arazo berarekin egiten dugu topo: betiko patronalek ez dituzte onartzen patronal berriak, eta ordezkaritza egiaztatzea eskatzen diete. Orain arte, negoziazio-mahaiak eratzean, ez zaie eskatu patronalei ordezkaritza egiaztatu beharrik, sindikatuek negoziatzeko asmoa zuten patronal guztiak onartzen baitzituzten. Hala ere, betiko patronalentzat ez da jadanik nahikoa elkarren onarpena.

ELAk behin baino gehiagotan adierazi duenez, arazo hori errotik konpondurik egongo litzateke, baldin eta patronalen ordezkaritza frogatzeko sistema bat, publikoa, objektiboa, gardena eta egiaztagarria balego, sindikatuen kasuan dagoen bezalaxe. Tamalez, ez dago horrelako sistemarik, eta horretaz baliatzen dira negoziazio kolektiboa berriz ere blokeatzeko. Dena dela, halako sistemarik ez dagoen bitartean, ELAk eskatzen die patronalei zeinek bere erantzukizuna betetzeko, eta hitzarmenen negoziazioan aurrera egiteko behar diren akordioak lortzeko. Baina gertaerak ikusita, beldur gara ez ote den txarrena gertatuko. Egoera erosoa da negoziatu nahi ez duenarentzat. Lan-erreforma aldeko dute, eta baita Merkataritza Orokorraren Hitzarmena aplikatzeko aukera ere, aipatu ditugun sektoreetan. Lanordu gehiago, askoz diru gutxiagoren truke.

Horren aurrean ELAk bide desberdinetatik ekitea erabaki du:

1- Ezein patronali atxikita ez dauden sektoretako enpresa handi batzuekin harremanetan hastea, negoziazioan bitartekari-lana egin dezatela eskatzeko.

2- Patronal bakoitzarekin negoziazio kolektiboko edukiak haztatzea.

3- Langileak bultzatzea lan-baldintzen alde agertzera. Alde horretatik, mobilizazio-egun batera deituko dugu, maiatzaren igande batean.