DONOSTIAKO UDALEKO GARBITZAILEAK

Jarraipen zabala izan du soldata eskala bikoitzarekin amaitu eta erosahalmena bermatzeko astebeteko grebak

2024/05/17
Donostiako Udaleko Gizatzen enpresako garbitzaileek astebeteko greba egin dute soldata eskala bikoitzarekin amaitu eta erosahalmena bermatzea eskatzeko. ELA, CCOO eta ESK sindikatuek deituta, gaur, maiatzaren 17an, Donostiako Udaleko Gizatzen enpresako garbitzaileek manifestazioa egin dute Donostiako Alde Zaharrean barrena. Modu honetan amaiera eman diote astebeteko greba deialdiari. 180 pertsona inguruk egiten dute lan Gizatzen enpresarentzat Donostiako Udalaren eraikinak garbitzen. Langileen %90 emakumeak dira eta heren batek lanaldi partzialak ditu. 2022. urtean pleguak esleitu eta Gizatzen enpresa sartu zen unetik soldata eskala bikoitza aplikatzen zaie. Aurreko enpresatik subrogatutako langileei enpresa mailako hitzarmena aplikatzen zaie, eta kontratazio berriei probintzia mailako Gipuzkoako Eraikin eta Lokaletako Hitzarmena. Modu honetan, lan baldintza ezberdinak ezartzen zaizkie lan berbera egiten duten langileei. Bestalde, langileek ez dute soldata igoerarik izan 2021. urtetik. Urratsik egin ezean, mobilizazio gehiago deituko dituzte.

Testuinguru honetan, aste honetan zehar Donostiako Udaleko Gizatzen enpresako langileak kalera atera dira. Alde batetik, langile guztiei enpresa mailako hitzarmena aplikatzeko eta KPIari lotutako igoerak eskatzeko. 

Bestetik,  Donostiako Udalari egoera honi konponbidea emateko borondate eta baliabideak jartzea eskatzen diote, egoera hori beronek finantzatutako zerbitzu publiko batean ematen baita eta enpresak negoziaketa mahaian izandako borondate falta agerikoaren ezagun baita.