Komisaldegi eta eraikin judizialetako garbikuntzako langileek lau hilabete daramatzate greban

2019/01/11
Komisaldegi eta eraikin judizialetako garbikuntza zerbitzuetako langile grebalariek manifestazioa egin dute Atotxako epategitik hasita, San Martineko epategiraino, Donostian, kale-garbikuntzako langileekin alderatuta jasaten duten soldata arrakala ezabatu dezaten exijitzeko. Komisaldegietako langileekiko %13ko aldea dago euren soldatatan; %7koa eraikin judizialekiko.

Hiru sektoreak Administrazioaren azpikontratak dira, desberdintasun bakarra da kaleko garbikuntzan %80 gizonezkoak direla, eta beste bi sektoretan %95 emakumezkoak.

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Segurtasun  Sailek aukera ezin hobea dute praktikan jartzeko berdintasunaren alde egiten duten diskurtso politikoa. Egungo legeriak Administrazio Publikoei aukera ematen die kontratazio publikoan diskriminazioei aurre egiteko, generokoak barne, gizarte klausulen bidez. Beraz, bi sektoretan publikatuko diren baldintza orriek badute legearen babesa soldata arrakala ezabatzeko.

Sektoreko langileek 115 egun daramatzate greban esleipendun den Garbialdi enpresak gatazkari behin betiko konponbidea emango dion negoziazio seriorik abian jarri gabe. Horregatik, langile grebalariek mobilizazio hauen bidez exijitzen dute benetan inplikatu daitezela Justizia eta Segurtasun Sailak, batetik, eta Garbialdi, bestetik, garbikuntzako sektorean soldata berdintsasuna lor dadin.