Soilik gure borrokak eragingo du bizitza kapitalari gailentzea

Testu hau Aitziber Aranberri Gipuzkoako zahar-egoitzetako ELAko ordezkariaren M8ko Donostiako ekitaldiko hitzaldiaren transkripzioa da.
Nork zaintzen du? Horra Eusko Jaurlaritzak Emakunderen eskutik gaurko egunerako egin duen kanpainaren leloa. Eta galderari erantzuten diote esanez: ikusgarri egin dezagun, egin dezagun gure zatia. Badirudi hemen gaudenoi zuzentzen zaizkigula, zirikatuz. Eta hala ez bada, okerrago, esan nahi duelako benetan ez dakitela nork zaintzen duen edo are gehiago, ez zaiela axola. Bestela, nola azaltzen da Eusko Jaurlaritza bezalako erakunde batek, zaintzaren eta garbiketaren sektoreetan milaka emakume esplotatzen dituenak, enpresa pribatuak aberasten dituenak eta, gainera, emakume langileoi greba egiteko eskubidea murrizten digunak, horrelako kanpaina bat egiteko lotsarik ez izatea?
Urteak dira hemen gaudenak zaintza lanak ikustarazteko grebak egiten ari garela. Tamalgarria da sektore hauetan lan egiten dugun langileok, zaintzen dugunok, garbitzen dugunok, etorkizuneko jendartea eraikitzeko ardura nabarmenagoa erakustea, ditugun agintariek baino. AldundiaJaurlaritzaren, Aldundiaren jendarte eredua, esplotatzaile/esplotatu eredua da, kapitala bizitzaren gainetik jartzen duen eredua, emakume sumisa, esplotatu, ikusezinen eredua da. Hamaika gezurretan oinarrituz, egi bihurtu nahi dituzue M8an egiten dituzuen kanpainak eta deklarazioak, baina zuen ekintzek argi uzten dute zuentzako inoiz ez dela M8.
Pandemiak argi utzi du guk bagenekiena: gu gara zuen seme-alabak eskoletan zaintzen ditugunak, zuen lantokiak garbitzen ditugunak, zuen nagusiei eskua ematen diegun azkenak, bizitzak salbatuko dituztenak eurenak arriskuan jarriz, funtsezkoak. Eta zuek zarete benetako pandemia estrukturala, patronalak eta politikariak, erakundeetako agintariak. Zuen politikek eragiten dute garbitzen edo zaintzen dugun emakumeok gizonek baina 5000 euro gutxiago kobratzea, emakume izateagatik. Zuek asmatu zenituzten soldata-arrakalak, lanen banaketa sexuala, urtean 90.000 euro kobratzen dituzuenek, 1.200 kobratzea ukatzen diguzuen bitartean. Gizarte gaixo batean gaude, eta funtsezkoenak kalean egon behar dugu egun osoan gizarte justuago baten bila; gaixotu dutenek, berriz, beren botereari eta eredu horri eusten diote, beren pribilegioak ez galtzeko.
Emakunderi gauza bat esan nahi diogu: gu gara zaintzen degunak. Gu Gipuzkoako erresidentzietan 247 greba egun daramagunak, gu, martxoak 15-18 bitartean grebara goazen garbitzaileak, osakidetzan greba egiten ari garenak, ELA sindikatuko langile asko. Beraz, erraz daukazue, benetan jendarte hau irauli eta bizitzaren zaintza bermatu nahi baduzue, guri deitu. Guk egunero ematen dugu gure denbora horretan, lanean, etxean eta kalean borrokan ZAINTZEN DUGU JENDARTE HONEN ETORKIZUNA.
Beraz, zuek, ahoa bete hitz eta ekintza instituzional matxistak egiten dituzuen bitartean, guk iraultza feministan jardungo dugu, egunero jarduten degun bezala. Kalean eta antolakuntza bitartez lortu diren eskubide guzti horiek argi erakutsi digute kalean lortuko dugula jendarte feminista bat sortzea.
Harro egon behar dugu; izan ere, COVID garaituko dugun bezala, egunero pairatzen ditugun politika instituzionalista matxisten pandemia estrukturala garaituko dugu. Soilik gure borrokak eragingo du bizitza kapitalari gailentzea.
Gora emakume langileon borroka! Gora Borroka Feminista! Gora ELA!!!