TELPARK APARKALEKUAK (DONOSTIA)

Langileek elkarretaratzea egin dute lan baldintza txarrak eta aparkalekuetan gertatutako sexu erasoak salatzeko

2024/09/18
Langile eta segurtasun murrizketak egin ditu enpresak; segurtasun kamerak zaharrak dira eta ez dira behar bezala erabiltzen baliabide faltagatik. Plantilla Udalarekin bildu zen egoeraren berri emateko, baina Udalak ez dio azpikontratatutako enpresari aldaketarik eskatu

Donostiako Easo, Katalunia Plaza, Atotxa, Boulevard, Okendo eta Kontxako udal aparkaleku publikoak kudeatzen dituen Telpark enpresako langileek elkarretaratzea egin dute Boulevardean, aparkaleku horietan izandako erasoak salatzeko eta biktimei elkartasuna adierazteko.

Era berean, langileek salatu dute lan baldintza kaskarrak dituztela, eta enpresak ez duela bermatzen langileen, erabiltzaileen eta segurtasunaren osasuna eta segurtasuna. Izan ere, besteak beste:

  • Langileak murriztu ditu enpresak (txanda guztiak betetzeko langileak falta dira, bajak ez dira ordezkatzen…)
  • Murrizketak segurtasunean (segurtasun langileak kendu ziren).
  • Segurtasun kamerak zaharrak dira, eta ez zaie jaramonik egiten intrusio-alarmak edo suteak daudenean ere.

Egoera horren aurrean, langileak udalarekin bildu ziren duela urtebete egoeraren berri emateko. Hala ere, Udalak ez die kasurik egin. Bestalde, enpresak arrazoi ekonomikoak argudiatu ditu murrizketa horiek justifikatzeko, nahiz eta tarifak izugarri handitu dituen (%23).

Langileek oroitarazi dute Donostiako Udala eta enpresa direla aparkaleku publikoetako laneko segurtasuna bermatzeko arduradunak, eta horretarako behar diren bitartekoak jar ditzatela eskatu diete.