Martuteneko ELAren atal sindikala presoen bizimodua hobetuko duten azpiegituren alde agertu da

2018/10/11
Espainiako Barne ministroak iragarri duenez, Martuteneko espetxea itxi eta Gipuzkoan Gizarteratzeko Zentro bat zein espetxe txiki bat eraikitzeko asmoa dute. ELAren iritziz Gipuzkoan azpiegitura egokiak behar dira, behar beste hornituta, horrela posible izango baita sailkapen zehatzagoa egitea, taxuzko espetxe-tratua ematea eta presoen bizi-kalitatea hobetzea. Bestalde, eremu honetako langileen eginkizuna ere erraztuko litzateke.

Gaia kontuz hartu beharrekoa dela kontutan izanik, Martutene ixteari eta espetxe berria eraikitzeari buruz hainbat informazio kontraesankor hedatu baita, Martuteneko ELAren atal sindikalak honakoa adierazi nahi du:

  • Gure posizioa da espetxeratuta dauden pertsonei zigorrak betetzeagatik ezin zaiela jendartean zein familian duten sustraitzea eragotzi; horregatik, arbuiatu egiten dugu haien ingurune afektibotik urruntzea.

  • Gipuzkoan azpiegitura egokiak behar dira, behar beste hornituta, horrela posible izango baita sailkapen zehatzagoa egitea, taxuzko espetxe-tratua ematea eta presoen bizi-kalitatea hobetzea. Bestalde, eremu honetako langileen eginkizuna ere erraztuko litzateke.

  • Halaber, azpiegitura horiek espetxeratuta dauden emakumeek -andre zein ama diren aldetik- jasaten duten diskriminazioa gainditzeko aukera eman behar dute; ezinbestekoa da amentzako unitate bat sortzea.

  • ELAk salatu nahi du Eusko Jaurlaritzak arduragabe jokatzen duela eta ez daukala interesik EAEko zigorrak betetzeko zentroen ereduari buruz; erabaki guztiak espainiar gobernuaren esku uzten ditu, aspaldidanik iragarri duten arren espetxeak eta gizarte-segurantza transferituko direla.

  • ELAk aurrerantzean ere espetxe-administrazioaren erabateko transferentzia eskatuko du, bertoko eredu demokratiko eta euskalduna helburu, eta Eusko Jaurlaritzako Justizia sailaren baitan egongo dena.