DONOSTIAKO OSPITALEA

Osakidetzak eta Jaurlaritzak aparteko garbiketa agindu eta langileen grebarako eskubidea urratu dute

2023/03/20
ELAk salatu du Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzak ezohiko garbiketa agindu dutela Donostiako Ospitale osoan, hau da, azpikontratatutako zerbitzuan greban dauden langileak ordezkatu dituela eta beraien grebarako eskubidea urratu duela. Martxoaren 15ean, eta grebak prentsan oihartzuna izan zuela ikusita, Donostiako ospitalean aparteko garbiketa egitea agindu zuten; zentro horretan bakarrik agindu zuen, ordea, EAEko beste zentro batzuetan ere greban egon arren. ELAk argi du erabaki politikoa izan dela. “Eusko Jaurlaritzak grebalariak zigortu nahi ditu, Donostiako Ospitalea EAEko ospitale nagusia delako eta modu masiboan ari direlako grebarekin bat egiten”, ziurtatu du.

Gainera, ELAk gogorarazi du ez dela gertakari isolatu bat. Izan ere, Osakidetzak eta Optima garbikuntza enpresak langileen grebarako eskubidea urratu dute, sistematikoki. Lan Sailak ezohiko garbiketa agindua eman zuenean, ia ospitale osoa garbi zegoen, Optima enpresak eta Osakidetzak, aliantzan, garbitzea erabaki zutelako.

Langileak greban daude otsailaren 27tik. Hitzarmena berritzea eta karrera profesionala kobratzea eskatzen dute, baina Lan Sailak ez du bilerarik deitu, eta ez dute instalazioen egoerari buruz hitz egin nahi izan.
ELAk adierazi du gatazka ez dela aparteko garbiketen bidez konponduko, ez gutxieneko zerbitzuak handituz, ezta poliziaren presentziarekin ere; aitzitik, azpimarratu du Osakidetzak garbitzaileei karrera profesionala ordaintzea erabakitzen duenean konponduko dela.

“Zerbitzuaren azken erantzukizuna Osakidetzarena da. Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, eskatu sindikatuekin negoziatzea eskatu beharko lioke. Gatazka amaitzeko negoziatzea beste biderik ez dago”, dio sindikatuak.