Polizia-etxe eta eraikin judizialetako garbikuntzako langileek soldata arrakalarekin bukatzea exijitu diote Jaurlaritzari

Donostian egindako agerraldian, eta Martxoak 8ko greba feminista gero eta gertuago den honetan, ELAko berdintasun saileko arduradun Leire Txakartegik gogor salatu du erakunde publikoen jarrera bikoitza. Alde batetik, berdintasunaren aldeko propaganda feminista egiten dute publikoki, batez ere Martxoaren 8a badatorrela aprobetxatuz. Praktikan, ordea, soldata arrakala pairatzen duten emakumeei bizkarra ematen diete. Nabarmendu duenez, halako lan gatazkatan esku hartzeak islatuko luke gauzak aldatzeko benetako borondatea dagoela. Erakunde publikoek ez dute, ordea, horretarako interesik. "M8an kalera aterako dira arduradun politikoak, baina hipokresia eta faltsukeri ariketa bat izango da oraingoan ere. Soldata arrakalarekin amaitzeko urratsak eman nahi badituzte hementxe daukate aukera paregabea. Berdintasun politikak praktikara eramateko parada ezin hobea", baieztatu du.
Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Segurtasun Sailek aukera ezin hobea dute praktikan jartzeko berdintasunaren alde egiten duten diskurtso politikoa. Izan ere, egungo legeriak Administrazio Publikoei aukera ematen die kontratazio publikoan diskriminazioei aurre egiteko (generokoak barne) gizarte klausulen bidez. Beraz, bi sektoretan publikatuko diren baldintza orriek badute legearen babesa soldata arrakala ezabatzeko. Horregatik, langile grebalariek Justizia eta Segurtasun Sailaren eta Garbialdiren benetako inplikazioa eskatzen dute, behingoz garbikuntzako sektorean soldata berdintasuna lor dadin.
Txakartegik argi dauka gatazka hau irabaziko dutela eta erreferentziala izango dela hemendik aurrera negoziazio kolektiboan soldata arrakalaren gaia zentrala izateko.