Salaketak eta mobilizazioak ugarituko ditu ELAk Gipuzkoako eraikuntzan prekarietatea eta iruzurra ezabatzeko

Gipuzkoako Eraikuntza sektorearen egoera benetan samingarria da: 10 lanordu baino gehiago egunean, soldatak Gipuzkoako Hitzarmenean ezarritakotik %50 beherago, prekarietatea, iruzurra, lan-istripu ugariak, enplegu-suntsipena... Baina, agian, larriena zera da: herri-erakundeen “asmo txarreko” axolagabekeria, eta patronalen (Adegi eta Ascongi) borondaterik eza egoera larri hori iraultzeko.
Egoera larri hori ikusita, ELAk salaketa-kanpaina bati eta mobilizazioei ekitea erabaki du, Gipuzkoako Eraikuntza Hitzarmena errespetarazteko, eta sektoreko langileen egoera larria aldatzeko. Hala iragarri dute ostegunean, urriak 19, Donostian Igor San Josek eta Luis Fernandezek, Gipuzkoako Eraikuntza Sektoreko arduradunek.
“Bada garaia beste pauso bat emateko gure salaketa-bidean. Bilerak eta agerraldiak eskatuko ditugu administrazio nagusietan –Donostiako Udalean, Gipuzkoako Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan–; salatutako enpresa eta azpikontrata guztiek Lan Harremanen Kontseiluan agerraldia egin dezatela eskatu dugu; gure mobilizazioak eta salaketak areagotuko ditugu...”
Eta honela jarraituz gero, Igor San Josek eta Luis Fernandezek argi dute. “Ez dugu baztertzen obrak geldiaraztea. Bilera- eta biltzar-prozesu bati hasiera emango diogu, sektorerako borroka-eredua eta greba-aukerak eztabaidatzeko. Argi dugun gauza bakarra da ez garela geldituko gure helburua lortu arte”.
ELAko arduradunek xehetasunez azaldu dute jendaurreko agerraldian Gipuzkoan gauzatzen ari diren bost obra nagusien egoera: Txomin Enea, Deskarga, Anoeta, errauskailua eta AHT. “Obra bakoitzak bere ezaugarriak ditu, baina alderdi asko berdinak dira. Prekarietatea erabatekoa da. Langileek 5 eta 9 euro bitartean kobratzen dute lanorduko, askotan probintzia-hitzarmenean ezarritakoa baino %50 gutxiago. Lanaldiak gehiegizkoak dira –10/12 ordu egunean–, eta gehienetan, opor-eskubiderik gabe, dietarik gabe, ordainsaririk gabe, aldi baterako ezintasunaren bajarik gabe...
Igor San Jose eta Luis Fernandezen esanetan hori bera errepikatzen da Gipuzkoako obra guztietan. “Langileek lanean neke handiak hartu eta batzuetan bizia ere galtzen duten bitartean, administrazio publikoek eta enpresa lagunkideek eurrez irabazten dituzte etekinak. Administrazio publikoek ederki dakite zer gertatzen den, ELAk jakinaren gainean jarri baititu. Bestalde, patronalek ez dute batere gogorik milaka pertsona esplotatzeari uzteko, baldin eta horrela milioika euro irabazten badute”.
“Patronal horiek –gehitu dute– beldurraz eta xantaiaz baliatzen dira beharginak esplotatzen jarraitzeko. Salaketak baztertu nahi dituzte. Baina inork zerbait erreklamatzekotan, sektoreko hitzarmena betetzea bezain oinarrizko erreklamazioa bada ere, ez dute bi aldiz pentsatu behar langile hori kaleratzeko”.
ELAko arduradun horien arabera makro-obra horietan Gipuzkoako Eraikuntza Hitzarmena errespetatuko balitz, 5.000 lanpostu inguru sortuko lirateke. “Obra-lizitazio guztiak langileen esplotazioan oinarritzen dira. Administrazioek obrak esleitzerakoan jakin badakite enpresa horiek den-dena azpikontratatuko dutela, iruzurrezko baldintza prekarioetan. Herri-erakunde horien lehentasuna albait azkarren bukatzea da, inaugurazioko xingola mozteko, nahiz eta, horretarako, milaka langilek morrontza-baldintzetan lan egin behar izan”.