Solbes-ek bajan ziren bi langile kaleratu ditu, horietako bat COVID-19ak jota

2020/04/30
ELAk, osasun krisi honen erdian Solbesek bere Donostiako dendetako batean eta Hondarribikoan bajan erori diren langileen kaleratzeak salatzen ditu.

Solbes supermerkatuak bi langile kaleratu ditu. Horietako bat, COVID-19ko proban positibo eman eta ordu gutxira izan da kaleratua. Besteak, azkenean ez du COVID-19an positiborik eman, baina prozedura berdina izan zen: medikuak baja hartzera behartu zuenean langilea kaleratua izan zen.

ELAtik salatu nahi dugu Solbes moduko enpresa bat bizi dugun krisiaz aprobetxatzea langileak kaleratzeko. Funtsezko zerbitzuetako enpresetan langileak kontratatzeko eta langileen osasuna bermatzeko momentua da. Onartezina iruditzen zaigu lanegile bat lanera joateagatik kutsatu eta inongo begirunerik gabe enpresak kalera botatzea, jostailu apurtu bat bailitzan.

Gaur egun supermerkatuetako langileek birusaren aurrean duten esposizioa ikaragarria da, eta ezin da onartu langileak gaixotuz gero euren etorkizunari buruzko zalantzarik izatea.