Tabakalerako UBIK liburutegiko bitartekariak 20 egunez greban

2019/01/10
Abenduaren 22tik greba mugagabean daude UBIK Tabakalerako liburutegiko bitartekariak, ez enpresa ez tabakaleraren eskutik inongo proposamen berririk jaso gabe.

ELAren babespean abenduak 22tik greba mugagabean dauden bitartekariak Tabakalerako Administrazio Kontseiluko hainbat kiderekin (Donostiako Udaleko, Diputazioko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin) bildu dira azken egunotan, bizi duten gatazkaren egoeraren berri eman eta datorren urtarrilaren 15eko Administrazio Kontseiluan soluzioak planteatzeko.

20 egun dira jada UBIK liburutegiko bitartekariek greba mugagabeari hasiera eman ziotela. 20 egun hauetan zehar liburutegia itxita egon da. Egun hauetan zehar, erabiltzaile asko gerturatu dira bitartekariek Nestor Basterretxea plazan duten informazio punturaino, langileei elkartasuna adierazteko eta jorratzen hari diren bidean indarrak emateko.

Azken aste hauetan, bitartekariak greban egon arren, ez da enpresarekin inongo bilerarik izan (azkena abenduaren 20an izan zen) eta honek bai enpresak, eta baita Tabakalerak ere, gatazkari irtenbidea emateko duten interesa zalantzan jartzen du. Bestalde, langileek argi dute gatazkari irtenbidea eman bitartean greban jarraituko dutela.

Datozen egunetan ere, Administrazio Kontseiluko hainbat kontseilarirekin bilerak izango dituzte bitartekarien ordezkariek, eta euren ekintza egutegiarekin ere jarraituko dute. Egunero, goiz eta arratsaldez Nestor Basterretxea plazan egongo dira herritarrak informatzen, eta bestalde, urtarrilak 11n ekintza desberdinak (kontzertuak, tailerrak…) antolatu dituzte, 17:00tatik aurrera plazan bertan.