DONOSTIAKO GARBIKUNTZA
Udalak azpikontratatutako langileek greba mugagabea egingo dute irailaren 16tik aurrera
Sindikatuek diote Udala dela erantzule nagusia. Izan ere, plegu berria atera zuenean, ia 300 ordu murriztu zizkien astean, hau da, hornidura ekonomikoa murriztu zuen eta ahalbidetu zuen azpikontratatutako enpresak hitzarmen probintziala aplikatzea. "Larria da enpresa berean lan bera egiten duten bi pertsonek soldata desberdinak jasotzea, baina are gehiago diru publikoarekin finantzatzen denean, administrazio publiko batek gainbegiratuta, kasu honetan Donostiako Udalaren onespenarekin, diote.
Gizatzen enpresa pleguen esleipendun izan zen 2022an eta kontratuaren ardura hartu bezain laster, soldata eskala bikoitza sortu zuen enpresak. Aurreko enpresako langile subrogatuei enpresa akordioa aplikatzen jarraitu zitzaien; 2022ko otsailetik aurrera kontratatutakoei, berriz, Gipuzkoako Eraikin eta Lokalen Hitzarmen Kolektiboa. Horrela, probintziako hitzarmena aplikatzen zaien langileek ia 4.000 euro gutxiagoko soldata jasotzen dute lan bera lantoki berean egiteagatik.
Negoziazio mahaia irekitzearekin batera, ELAk, CCOOk eta ESK-k bi aldarrikapen nagusi plazaratu zituzten. Alde batetik, enpresako akordioa langile guztiei aplikatzea. Bestalde, KPIaren araberako igoerak 2022tik; une horretatik aurrera, enpresako hitzarmenaren eraginpeko langileek ez dute soldata igoerarik izan. Horrela, langile guztiek lan baldintza berdinak izatea eta erosahalmena ez galtzea eskatu zioten enpresari.
Bide beretik, Donostiako Udalak prozesu honetan duen erantzukizuna azpimarratu dute sindikatuek. Izan ere, plegu berria atera zuenean, ia 300 ordu murriztu zizkien astean, hornidura ekonomikoa murriztu zuen eta enpresari ahalbidetu zion probintziako hitzarmena aplikatzen hastea. "Larria iruditzen zaigu enpresa berean lan bera egiten duten bi pertsonek soldata desberdinak jasotzea, baina are gehiago diru publikoarekin finantzatzen denean eta administrazio publiko batek gainbegiratuta, kasu honetan Donostiako Udalaren babesean", diote.