`Zaintza martxa´ hasi dute Gipuzkoako erresidentzietako langileek

2019/06/24
Ekainaren 24tik 29ra bitartean ELAko erresidentzietako langileek Gipuzkoako hamaika eskualde zeharkatuko dituzte `Zaintza martxa´ lelopean. Sei etapa izango dituen ibilbide honen bitartez kalitatezko zaintza eredua aldarrikatu nahi dute. Langileek 70 egun daramatzate greban lan hitzarmenaren alde.

Grebalariek emakume izateagatik pairatzen duten soldata arrakala salatu dute martxaren hasieran. “Argi daukagu zergatik gertatzen ari den hau gatazka honetan, zaintza historikoki emakumeok egin dugun lana izan delako, etxean eta inongo soldatarik jaso gabe gainera. Gaur egun gizonezkoak lanean ari diren sektore pribatizatuekiko %30eko soldata arrakala pairatzen dugu, 6.000 euro gutxiago urtean, emakume izate soilagatik”.

Gipuzkoako zahar-egoitzetako eta eguneko zentroetako 5.000 langileren lan baldintzak arautzeko negoziazioaren defentsan ari dira. 2017an ekin zitzaion negoziazioari, orain dela bi urte; gaur egun, oraindik ere, egoera hankaz gora dago.