MECANER (URDULIZ)
ELAk Eusko Jaurlaritzari plan bat aurkeztu dio jarduera bultzatzeko

Mecanerreko langileek enpresak Urdulizko lantegia ixteko izapidea hasteko erabakia hartu zuela jakin zutenetik, ELAk Stellantis multinazionalaren aurrean irmo erantzutearen aldeko apustua egin zuen. ELAk bakarrik deitu zuen greba mugagabea zuzendaritzaren erasoaren aurrean, eta ez zituen onartu multinazionalak langileak kaleratzeko emandako argudioak.
Jakina denez, apirilaren 26an amaitu zen enplegu-erregulazioko espedientea negoziatzeko epea. Hasiera batean akordiorik ez zegoela iragarri bazen ere, Stellantiseko zuzendaritzak, LABek, ESK-k eta CCOOk egun horretan bertan adostu zituzten langileak kaleratzeko baldintzak (lantegiaren itxiera ziurtatuz), ELAren oposizio bakarrarekin. Akordio horrek, gainera, izugarri zailtzen du enplegu-erregulazioko espedientea epaitegian inpugnatzeko aukera.
Egoera horren aurrean, ELAk Mecaner enpresako langileei etorkizuna emango dien industria-plan bat egiteko lanean jarraitzea erabaki zuen, eta helburu horri erantzuten dio atzo Industriarekin egindako bilerak. Nolanahi ere, ELAk bere afiliazioak izandako greba mugagabearen balioa eta konpromisoa azpimarratu ditu, multinazionalak itxieraren inguruan duen interesa agerian uzteko eta Eusko Jaurlaritzari Urdulizen jarduera berrabiarazteko lanean presioa egiteko tresna eraginkor bakarra baita.