Justiziak berretsi du Novaltiak grebarako eskubidea urratzen duela

2022/04/20
Justiziak arrazoia eman dio ELAri, eta berretsi du Novaltiak orain dela 1.000 egun baino gehiago greban dauden langileen grebarako eskubidea urratzen duela. Enpresak 2021eko otsailean jakinarazi zuen 14 grebalari, horien artean ELAko greba batzordeko eta enpresa batzordeko hiru kideak, Zaratamoko lantokira lekualdatzeko asmoa zuela; lantoki hori itxita zegoen, jarduerarik gabe eta 2019az geroztik beharginik gabe, eta, beraz, ez zen benetako okupazioa bermatzen greba amaitu ondoren. Gauzak horrela, sindikatuak erabaki hori inpugnatu zuen, eta orain justiziak arrazoia eman dio, Lan Ikuskaritzaren txostenarekin kontraesanean, azken horrek enpresaren erabakia babestu baitzuen. Hala, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaiak lekualdatze hori baliogabetzat jo du. Erabaki horren atzean arrazoi objektiborik ez dagoela dio sententziak, eta greba eskubidea urratzea izan zela helburu bakarra.

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak atzera bota du enpresaren erregutze-errekurtsoa; aitzitik, ELArena honako gai hauetan baietsi du:

  • 14 grebalariren lekualdatzea bertan behera: epaiak enpresaren erregua errefusatu, eta baliogabetu ditu 14 grebalariren Zaratamoko lantokirako lekualdatzea, grebarako oinarrizko eskubidea urratzeagatik. Epaiak honako hau ondorioztatzen du: “Grebalariak bakarrik eraman dira Zaratamora, eta ez dago erabaki hori justifikatzeko arrazoi objektiborik; ulertu behar dugu erabaki horrek, egiaz, funtseko greba eskubide konstituzionalaren legezko egikaritza kaltetzetzeko borondatez hartu zuela enpresak. Horregatik, neurri horren baliogabetzea deklaratzen dugu”.
  • Ordutegien eta plusen aldaketaren baliogabetasuna: sindikatuaren errekurtsoa onartuta, epaiak langile guztien ordutegia aldatzeko enpresaren neurria ere baliogabetzat jo du, negoziazio kolektiboa urratzeagatik: “Enpresak langile batzuekin bakarrik banaka negoziatu zuenez, ezin da onartu banakako akordiorik”. Beraz, langile grebalari ez zirenekin banan-banan negoziatutakoa gero kontsulta aldian ELAko enpresa batzordearekin negoziatzerakoan, enpresak ez zituen errespetatu negoziazio kolektiboaren legezko prozedura eta langileen legezko ordezkaritza.
  • Era berean, enpresak ezarritako produktibitate plusari dagokionez, enpresak jarritako errekurtsoa ezetsi du, horretarako legez ezarritako prozedurara jo gabe.

ELAk adierazi du epai horrek agerian uzten duela, berriz ere, Novaltiak greba eskubidea urratu nahi duela. Bide beretik, soldata eta lan baldintza duinen alde, Europako greba luzeenean murgilduta dauden langileei bultzada eman die.