Urdulizko Ospitalea publikoa izan behar da %100ean

Osakidetzako Zuzendaritzak bere horretan jarraitzen du osasun-sistemako zerbitzuak pribatizatuz. Mehatxu horren pean egon ohi diren zerbitzuak garbikuntza, sukaldeak, esterilizazioa eta mantenimendua dira; baina, baita ere, etxez etxeko laguntza, osasun mentala, anbulantziak... Askotxo frogaturik dago pribatizatzea ez dela merkeagoa, eta kalitate eskasagoa eskaintzen duela. Egoerari buelta ematen saiatzen garen artean, helburu bat markatu dugu: zentro berrietako zerbitzu bat bera ere ez izatea pribatizatua. Hau da, arazoa ez handiagotzea. Osakidetzak berak sinatu zuen konpromiso hori; baina, beste asko legez, paper errea izan da. Azpimarratu behar dugu konpromiso hori, Mahai Orokorreko 2010eko Akordioan eta Osakidetzako Lan Baldintzen Akordioan jasota dagoela.
Politika honen adibide izan da Urdulizko Ospitalea. Kasu honetan, Osakidetzak egindako pribatizazio ahalegina etenda geratu zen epaitegien erabaki baten bitartez eta erabaki hori berretsi du orain Auzitegi Gorenak. Esan behar dugu Osakidetzak lehenbiziko erabaki hori errekurritu zuela, pribatizazioen aldeko borondate garbia adieraziz. Bere errekurtsoan adierazi zuen pribatizazio horien eteteak, galera ekonomiko eta estrategikoak eragiten dizkiola. Hortaz, argi ikusten dugu Osakidetzarentzat zerbitzuen pribatizazioa interes estrategiko bat dela.
Gogorarazi behar dugu Osakidetzak atzera egin zuela Urdulizko Ospitaleko garbitegia, sukaldea eta garbikuntza pribatizatzeko asmoetan. Eta hori hala izan bada, ez da izan kalitatezko zerbitzu %100 publikoa eskaintzeko borondatea izateagatik, ELAk bultzatu eta beste sindikatu batzuek ere deituriko mobilizazioengatik baizik, baita prozedura juridikoen emaitzengatik.
Osakidetzaren zerbitzua %100 publikoa eta kalitatezkoa izan behar da, eta behar beste langileekin, herritarrek merezi duten bezala. Eta ELAn ez dugu etsiko hori horrela izango den arte, eta oraingo egoeran mobilizazioaren beharra azpimarratu behar dugu, gure helburuak lortzeko tresna egokia da-eta.
Osakidetzak, auzietako bidea erabiltzen du berak adostutakoaren betetzea atzeratzeko edota ekiditeko. Hori berbera egiten ari da Garapen Profesionalarekin. Kasu honetan ere, bide hau erabiltzea erabaki du langileei dagokien soldata hau ez ordaintzeko. Kolektiboak, osagarri hau jasotzeko eskubidea dauka 2011tik aurrera.