ELAk bat egingo du abenduaren 6an deitutako manifestazioarekin
ELAk dei egiten die bere militante guztiei Euskal Herrian Euskarazek datorren abenduaren 6rako manifestazioa deitu duen manifestazioan parte har dezaten, Durangoko azokaren bueltan, eguerdiko 13:00etan Landako Gunetik abiatuta, `Euskaraz bizitzeko euskararen errepublika!´lelopean.
Euskal Herrian Euskaraz herri mugimenduak egindako analisiarekin bat dator ELA. Sindikatua ados da hizkuntza nahiz nazio kontzientzia geldialdi fasean dagoela eta horren aurrean beharrezkoa dela euskal komunitatea indartzea eta estatu propioa izatea hizkuntza eskubideak bermatu ahal izateko.
Lege baztertzaileen aurrean intsumisiora jotzeko deia egin du plataformak, euskaldun izatearen harrotasunaz erantzuteko deia, hain zuzen ere.
ELAren ustez, euskarak izan behar du mugimendu askatzaileen elkar-komunikaziorako hizkuntza, euskara baino elementu kontrahegemoniko dagoela iritzita. Sindikatu den heinean, ELAk lantokietan euskaraz lan egiteko eskubidea aldarrikatzen du, eta eskubide horri babesa emango dion euskal errepublika baten alde ari da lanean.
Mobilizazioa abenduaren 6an izango da eta hori ez da kasualitatea. Izan ere, sindikatuak adierazi duenez, “euskararen zapalkuntza sinbolizatzen duen Espainiako Konstituzioa ospatzeko jaiegun inposatua baita”. ELAk gogorarazi du Espainiako Konstituzioak gaztelania derrigorrez ikasi beharra jasotzen duela, beste hizkuntzak, euskara barne, bigarren mailako hizkuntza gisa kokatuta. “Estatus berria eztabaidatzeko orduan ezinbestekoa da hizkuntzen mailakatzea puskatzea, euskal hiztunak eskubide zibil eta politikoen jabe izan daitezen eta bigarren mailako herritar izateari utzi diezaioten”, baieztatu du sindikatuak.