EUSKARA

ELAren iritziz hizkuntz eskubideeen aurkako kanpaina antolatua dagoela egiaztatu izana oso larria da

2026/03/10
ELAren iritziz hizkuntz eskubideeen aurkako kanpaina antolatua dagoela egiaztatu izana oso larria da
Argia aldizkariak gaur argitaratutako ikerketa-erreportajeak argi erakusten du euskaldunon hizkuntz eskubideen aurkako kanpaina antolatua dagoela, eta oldarraldi judizial euskarafoboak oldarraldi politiko eta sindikal bati erantzuten diola. ELA sindikatuak aurretiaz salatu zuen CCOO sindikatuaren jarrera eta ekimen euskarafoboa: langile gazteleradun elebakarren ustezko lan eskubideak aitzakia gisa erabili ditu langile eta herritar euskaldunon hizkuntz eskubideen aurkako kanpaina judizial orokor bat abiatzeko, eskuin muturreko Manos Limpias sindikatuaren gisara.

Argia aldizkariak gaur argitaratutako erreportajearen edukia oso larria da. Froga grafiko Argiak jasotako irudi eta soinu bidezko frogatan argi azaltzen da azken urteetan administrazioetan eta administrazioen azpikontratetan euskara eskakizunen aurka martxan jarritako hainbat prozedura judizial erabat  artifizialak izan direla. 

Gure hizkuntz eskubideak urratu dituzten epai asko pairatu ditu euskaldunon komunitateak azken urteetan, eta horien jatorrian zeuden demandetan kasu askotan ez da interes legitimorik zuen pertsonarik izan. Gaurkoan Osakidetzan euskarazko hizkuntz eskakizunak murrizteko sortutako plataforma bati buruzko informazioa argitaratu da. eta ELAk salatzen du plataforma horren atzean sindikatu euskarafoboak daudela. ELAren iritziz Osakidetzako sasiplataforma hori edota CCOO sindikatua iruzur prozesalak eragiten ari dira hizkuntz eskakizunak kentzeko.

CCOO sindikatuak behin-behineko langile gazteleradun elebakarrak kaleratzeko balizko arriskua erabili izan du bere kanpaina abiarazteko aitzakia gisa. Argiaren erreportajeak frogatu du hainbat kasutan demanden atzean interes politiko hutsa izan dela prozedura judizialak martxan jartzeko arrazoi bakarra. Izan ere, euskaldunok pairatzen dugun zapalkuntza ez da ausazkoa, guztiz sistematikoa baizik, eta arduradun politiko eta sindikalak dauzka.

Demandak abian jartzeko CCOO sindikatuko eta bestelako eragileetako arduradunek emandako arrazoiak erabat ideologikoak izan dira, gaztelaniaren inposaketa eta nagusitasuna normalizatzea helburu duten arrazoi supremazistak, batetik, eta euskaldunon hizkuntz eskubideak mugatzeko arrazoi euskarafoboak, bestetik. CCOO sindikatuak euskaldunon hizkuntz eskubideen aurkako kausa orokor bat defendatzen du, eskuin muturreko Manos Limpias sindikatuak iraganean euskal herritarren eskubide zibil eta politikoen aurka jarduten zuen erara.

Helegite guztiek logika berari erantzuten diote: administrazioak bi hizkuntzatan edo gaztelaniaz soilik aritu daitezkeela, baina inolaz ere ez euskara hutsez. CCOO sindikatuak, UGT sindikatuak edo Osakidetzako sasi-plataformak beren helegiteetan supremazismo linguistiko  hau aplikatu nahi izan dute herri-langile guztiak gaztelaniaz derrigorrez arituko direla bermatzeko eta euskaldunon hizkuntz eskubideak zokoratzeko.

Berriro berresten da euskaraz lan egitea eta bizi ahal izatea EAEn ere ez dagoela bermatuta, ezta administrazio publikoetan zerbitzua euskaraz jaso ahal izatea ere. CCOO sindikatuaren eta enparauen oldarraldiari ausardia politikoz erantzun behar zaio. Jarrera euskarafobo hauek salatu beharra dago eta sindikatu honekiko elkarlan normalizatuaren bidez ezin da beren jarduna zuritu, sindikatu ultraeskuindarrek moduan epaitegiak zapaldutako kolektiboen aurka aritzeko erabiltzen dituen bitartean.

ELAren iritziz bada garaia alderdi politiko, sindikatu eta epaile euskarafoboei aurre egiteko eta EAEn nahiz Euskal Herri osoan euskararen ofizialtasun osoa aldarrikatzeko. Egungo marko legal eta konstituzionalek euskaldunon hizkuntz eskubideak sistematikoki urratzen dituzte. Euskaldunok hizkuntz berdintasun eskubidea bermaturik behar dugu eta, ondorioz, bizitzako alor guztietan euskaraz bizitzeko eskubidea berma dadin aldarrikatzen du ELAk.