HEZKUNTZA OPOSIZIOAK

Jaurlaritzak gaztelaniaren maila gorena inposatzen du lanpostu guztietan, baita euskara hutsezkoetan ere

2023/03/09
ELAk Hezkuntza Sailaren oposaketa deialdia inpugnatu du lanpostu guztietarako, baita D ereduko postuetarako ere, gazteleraren ezagutza gorena derrigortzen duelako. Hala dio deialdiak: “Espainiako nazionalitaterik ez duenak eta bere hizkuntza ofiziala espainiera ez bada, hizkuntza horren ezagutza egokia egiaztatu beharko du”. Ezagutza hori C2 da, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailarik gorenena. Horrek esan nahi du euskararen ezagutza baino maila handiagoa beharrezkoa dela oposizioan parte hartzeko. Izan ere, euskara derrigorrezkoa den lanpostuetan C1 maila eskatzen da Hezkuntzan, gaztelerazkoa baino maila bat apalagoa, eta Osakidetzan are gutxiago, B2a.

Ondorioz, gaztelaniaren ezagutza derrigorrezkoa da lanpostu guztietan, baita euskarazko irakaskuntza eskaini behar den lanpostuetan ere. Esaterako, Hendaiako irakasle batek, Euskal Filologia lizentziaduna izanagatik ere, gaztelaniaren maila gorena beharko du irakasle gisa jarduteko.

Gaztelaniaren eskaera gorenarena ez da Hezkuntza arlora mugatzen. Oposaketa guztietan antzeko eskaera dago, eta ondorioz, inposaketa orokortua da. Horregatik erabaki du ELAk inpugnazioa aurkeztea, Pello Igeregi sindikatuko Euskara arduradunak eta Miren Zubizarreta ELAko Hezkuntza arduradunak gaur prentsaurrekoan azaldu dutenez.

Epaileak bidelagun

Uliazpi Fundazioaren harira publiko egindako epaia gaztelaniaren inposizio orokortuaren adibide da. Epaileak dio Fundazioko lanpostuen %5 soilik dela langile ez euskaldunentzat. Bestelakoa da errealitatea, ordea: administrazio guztietako lanpostuak daude bermatuta gaztelania dakitenentzako,  gaztelania beti delako derrigorrezko, eta zerbitzua  gaztelaniaz jaso nahi duten herritarrek bermatuta dute hori, langile euskaldunak elebidunak izaki. “Euskaldunek ez dute gaztelaniaren ezagutza erakutsi behar Espainiako Konstituzioak bere ezagutza unibertsala inposatzen duelako”, azpimarratu du Igeregik, “euskara hautazkoa da, ordea”.

Beraz, epaiek erakusten dute euskara ez dela ofiziala EAEn, ez behintzat gaztelania adina. “Horregatik inposatu daiteke gaztelania lanpostu guztietan eta euskara soilik batzuetan. Euskararen ezagutza exijitzeko proportzionaltasuna bermatu behar da, herritarren 'eskakizun errealei' erantzunez, testuinguru soziolinguistikoaren arabera eta abar. Gaztelania lanpostu guztietan inposatu daiteke, eta diskriminazio hori naturaltzat hartzen da. Hain da naturala Hezkuntza Sailak ez duela inongo arazorik izan oposizioetan bere egiteko irizpide hori”.

Era berean, ELAk dei egiten du oldarraldi euskarafoboari aurre egin, eta hizkuntza eskubideen defentsa politikoa eraiki dadin. Euskaldunon hizkuntza eskubideen alde mobilizazioa premiazkotzat jo du Igeregik, “euskaldunon hizkuntza eskubideak zapaltzea ontzat ematen duen markoaren kontra kaleak berreskuratzeko”.