Akordio Barakaldoko KBUSen

2019/03/12
Akordioan jasotako edukiak hauexek: soldatetan eta plusetan %13tik gorako igoerak ezarri, lanaldia arian-arian murriztu (oraingo 1720 orduetatik 1592 orduetara hiru urtetan); eta horrez gain, behin-behineko pertsonalaren kontratazioa erregulatu da lan-poltsa baten bidez; prekarietatea ezabatu, oraingo kontratu guztiak mugagabe eta lanaldi osoko bihurtuz, eta langileen baldintzak nabarmen hobetu dituzten izaera sozialeko bestelako puntuak.

Akordio hori abendutik hona egindako hainbat greba-egunen ondoriozkoa izan da, eta une garrantzitsuan gertatu da, zeren laster barru zerbitzuaren lizitazioa egingo baita hurrengo hamar urteetarako. Horregatik lizitazio hori arretaz aztertu, eztabaidatu eta adostu beharko da, langileen baldintzak bermatzearren, eta Barakaldoko herritarrei ahal den zerbitzurik onena eskaintzearren.

ELAk erantzukizunez eta ganoraz jokatzeko eskatzen dio Barakaldoko Udalari, ibili beharreko bide horretatik elkarrekin joateko.