Balmasedako Udalak 4.000 euro eman beharko dizkio langile bati soldataren ordainketan egindako okerrengatik

2021/04/19
Epaileak arrazoia eman dio ELAri. Sindikatuak salatu legez, Balmasedako Udalak soldata murritzagoa ordaindu dio langile bati, zegokiona baino lan mailaketa baxuagoa egotzita zuelako. Ondorioz, epaileak ebatzi du 4.000 euro ordaindu beharko dizkiola. ELAk uste du langilearekin gertatutakoa Balmasedako Udalaren kudeaketa okerraren beste adibidea dela. Izan ere, udalak alde bakarrez onartu zuen lanpostu-zerrenda berria, eta hiru langileren kanporatzea ez ezik, beste hamahiru lanpostu geratu dira kolokan.

Egoera horren aurrean, ELAk Udalari eskatu dio aurrekontuak gainbegiratzeko epea luzatu dezala. Gardentasunerako oinarrizkoa dela uste du sindikatuak, eta alde bakarrez beharrean, erabakiak negoziazioaren ondorio izan daitezela eskatu du ELAk.