Balmasedako Udalak enplegua suntsituko duen lanpostuen zerrenda berri bat onartu du

ELAren ustez, onartezina da Balmasedako Udaleko (Bizkaia) gobernu-taldeak hartutako erabakia. Hori dela eta, atzera egitea eta udalerrian dauden behar guztiak betetzea exijituko du, lanpostu guztiak mantendu eta finkatuko direla bermatzeko.
ELAk salatu du Udalak enplegua suntsituko duen Lanpostuen Zerrenda berri bat onartu duela, tokiko hautagaitza independentearen eta EH Bilduren botoei esker, eta neurri horrek hainbat lanpostu desagertzea ekarriko duela. Sindikatuak atzera egitea eskatu du, lanpostu guztiak bermatzea eta horiek sendotzen jarraitzea; izan ere, Balmaseda udalean behin-behinekotasun tasa oso altua da eta orain dela 15 urte baino gehiago modu irregularrean lan egiten duten langileak ditu.
Abenduaren 30ean, ELAk Lanpostuen Zerrenda berria onartu izana salatu zuen. EH Bilduren eta hautagaitza independentearen aldeko botoekin eta EAJren kontrako bozekin atera zen aurrera. Dokumentu tekniko horren ondorioz, zenbait lanpostu desagertu egingo dira, eta horrek berekin dakar langileak zuzenean kaleratzea. Era berean, immigrazioa edo berdintasuna bezalako arlo garrantzitsuak desagertuko dira, bai eta Liburutegi eta Historia Museoko zerbitzuak ere.
ELAk gogorarazi du Balmasedako Udalak, toki-erakunde gehienek bezala, behin-behinekotasun indize handia duela. Hori dela eta, gobernu-taldeak hartutako erabakiak enpleguaren kontra eta zerbitzuen kalitatea hobetzearen aurka zuzen jotzen duela salatu du. Gainera, ez du inolako bateratze-prozesu negoziatu eta adosturik bermatzen.
Hori guztia dela eta, ELAk ostegunean, urtarrilaren 21ean, 12:00etan udalerriko San Severino plazan egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia egin du, enpleguaren, enplegu publikoaren finkapenaren eta zerbitzuei eustearen alde.