Barakaldoko kiroldegietako Emtesport enpresako langileek 11 greba egun deitu dituzte lan-baldintzak hobetzeko

2019/10/16
Barakaldoko Lasesarre eta Gorostitzako kiroldegietako kirol-kudeaketan diharduten Emtesport enpresako langileek 11 greba-egun egingo dituzte, urriaren 21ean hasi eta azaroaren 9ra arte. Deialdiaren helburua egun dituzten lan-baldintzak hobetzea da.

Kiroldegi horietako pertsonalaren lan-baldintzak duintzeko mobilizazioak udaren aurretik hasi ziren. Abuztuan eta irailean eten ziren mobilizazioak, langileek hala erabakita, enpresarekin eta udalarekin negoziazioak garatzeko, Udalaren Kirol Erakundearen bitartez. Ahaleginak, ordea, alferrik izan dira. Enpresak uko egin dio negoziatzeari, eta udalak ez du, Udalaren Kirol Erakundearen bidez, inolako erantzunik eman.

Bi asteko borroka horren ostean, benetako negoziazioa hastea espero dugu. Plantilla oso profesionala da, baina ez dute halakotzat hartzen. Arazoei heldu behar zaie, eta ondorioz zerbitzua ere hobetuko da.

Guk emandako epeak nahikoak izan direlakoan gaude. Orain ez dugu beste biderik greban hastea baino. Dena dela, bilera eskatu diogu alkatetzari, negoziazio-bideak urratzen berriz saiatzeko. Datozen egunetan kiroldegietako milaka erabiltzaileak jakinaren gainean jarriko ditugu, gure zergatiak azalduz eta haien elkartasuna eskatuz. Lan-baldintzak hobetzea eta zerbitzuaren kalitatea hobetzea txanpon beraren bi aldeak dira.