EmteSPORT enpresako langileen jarraipen oso zabala Barakaldoko kiroldegietan izango diren 11 greba egunen hasieran

Grebaren helburua argia da: akordio propio baten bidez langileen baldintzak hobetzea eta duintzea. Lanuztearen ondorioz, EmteSPORT enpresaren esku dauden zerbitzu guztiak bertan behera geratu dira: kirol klaseak, monitoreak, sorosleak, gimnasioa, etab.
Barakaldoko Udalaren arduragabekeria
Langile gehienek greba egin izanarekin batera, nabarmendu beharreko beste albistea da Udalak erakutsi duen arduragabekeria, hainbat modutan. Horien artean bi azpimarratu ditu ELAk:
Alkatetzak ukatu egin du eskatutako bilera; gatazkaren berri eman nahi zioten langileek, baita ardurak azaldu ere, hala enpresarenak nola Udalarenak berarenak. Antza, udal zerbitzuak bertan behera geratzeak ez du gobernu-batzordea kezkatzen.
Bestalde, ELAren ustez oso larria da igerilekuak uretako hainbat ikastarotarako irekitzea, baita haurrentzako ere, soroslerik ez dagoenean. Erabaki honen asmoa greba ezkutatzea da, erabiltzaileen segurtasunaren lepotik bada ere, hauetako batzuk adin txikiko umeak direlarik. Hau Udalean bertan eta Lan Ikuskaritzan salatuko du ELAk.
Barakaldoko Udaleko gobernu-batzordeari eta EmteSPORT enpresari eskatzen negoziatzen hastea eskatu die sindikatuak, greba amaitzeko biderik azkarrena izango dela argudiatuta.