Basoriko langileek manifestazioa egingo dute irailaren 27an

2018/09/21
Gueñesko Udaleko Aisia, Gazteria, Kultura eta Kirolak zerbitzuetako 36 langileak irailaren 30ean kaleratuak izango dira, hala jakinarazi die burofax bidez Basori-k, udalaren enpresa azpikontratak. Langileak irmo egiten ari dira enpleguaren alde, eta helburu jakin bat daukate: Udala behartzea erantzukizunez jokatzera eta soluzio bat topatzera.

Gueñesko Udaleko Aisia, Gazteria, Kultura eta Kirolak zerbitzuetako 36 langileak irailaren 30ean kaleratuak izango dira, hala jakinarazi die burofax bidez Basori-k, udalaren enpresa azpikontratistak.

Alkatetzak hasiera baten zerbitzuak itxiko zituztela adierazi zuen, baina gizarte-presioaren eraginez atzera egin du, eta orain dio zerbitzu horiek "udal-baliabideez eta pertsonalaz" eskaintzen jarraituko duela azpikontrata berriro esleitu arte, hemendik pare bat hilabetera gutxi gorabehera. Esan gabe doa asmo hori legez kontrakoa izan litekeela.

Udalak orain arte esan duen gauza bakarra zera da: zerbitzuak, zati baten behintzat, bere kabuz emango dituela, baina ez du argitu zer gertatuko den oraingo plantillarekin urriaren 1etik aurrera. Edo, beharbada, oso argi dauka, zeren alkateak berak esan zien langileei langabezian aldi batez egotearen gaitz erdi hori onartu beharko zutela, gero berriro kontratatuak izateko, enpresa berriak esleipena hartuko zuenean. Gaur arte ez dugu jaso kaleratzeen ordezko irtenbiderik.

ELAk ezin du ontzat eman Alkatetzaren proposamena. Gure iritziz Alkatetzaren adierazpenak zentzugabeak dira. Horren arabera, kudeaketa txar baten ondorioak langileek jasan behar dituzte. Onartezina da. Planteamendu hori ulertu ahal izateko, kontuan hartu behar da zein gutxi balioesten diren zerbitzu publikoak eta haietan lan egiten dutenak.

ELAren ustez alternatibak egon badaude, legezko irtenbideak badaude; baina horretarako, borondate politikoa behar da.

Langileak irmo agertzen dira enpleguaren alde, eta helburu jakin bat daukate: udala behartzea erantzukizunez jokatzera eta gatazka konpontzera. Hori dela-eta, bideo bat prestatu dute, beren egoera prekarioa denen aurrean azaltzeko. Gainera, herritar guztiak bultzatzen dituzte manifestaziora joateko. Datorren ostegunean, irailak 27, abiatuko da Sodupeko Kirolgunetik 19:00etan.