Lanuztea egin dute Bilboko portuan izandako istripu hilgarria salatzeko

2019/02/19
Otsailaren 19an Bilboko portuan lanean ari zela hildako langilearen heriotza ikertzea exijitu du ELAk, UGT eta LABekin batera portuan bertan egindako elkarretaratzean. Portugaleteko 43 urteko gizona lan istripuan hil zen Bilboko portuan. ELAko afiliatua zen. Esku artean dugun informazioaren arabera, lanean ari zela, zama modu bortitzean mugitu da bat-batean eta langilea bost edo sei metro behera jausi da. Bilboestiba enpresako behargina zen, lan esperientzia zuena eta garabia maneiatzen bazekiena. ELAk doluminak eman nahi dizkio senide eta lagunei.

2019. urtea hasi zenetik zazpi langile hil dira dagoeneko lan istripuetan Euskal Autonomia Erkidegoan. Egoera honen aurrean neurriak hartu behar dira: Osalanek eta Lan Ikuskaritzak gertatutakoa ikertu behar dute eta dagokionak erantzukizuna asumitu.

Izan ere, lan istripu guztien atzean beharginok pairatzen dugun prekarietatea eta enpresa logika bortitza daude, ekoizpena eta etekinak pertsonen gainetik jartzen diuten logika, hain zuzen ere. Kontuan hartu behar da gainera, portuan, bereziki, faktore asko batzen direla: lan baldintza kaskarrak; lan erritmo bortitzak; eta lanbide honek berez duen arrisku maila altua.

Lan istripua dela eta enpresaren jarduera eten egin da. ELAk, UGT eta LABekin batera, bat egin du portuan enpresa batzordeak deitutako elkarretaratzearekin, lan istripu hau salatzeko eta arazo honi behingoz aurre egingo dioten ekintza eta politika zehatzak exijitzeko.