CEL Taldean akordioa sinatu da gaur

2017/11/27
Gaur azaroak 27, CEL Taldeko Enpresa Batzorde gehienek akordioa sinatu dute Lucart talde italiarrarekin, euren lan-baldintzak arautuko dituen akordioa, hain zuzen ere. Akordioaren oinarrian Zallan joan zen astean izandako asanblea orokorreko emaitza izan da: aldeko 150 boto, aurkako 15 eta 10 boto zuri. Akordio honek, ELAk nahi zuena ez bada ere, CELeko beharginen borroka nabarmendu nahi du. Mobilizazio ugari egin dugu, Enkarterrin nahiz administrazioen aurrean. Negoziazio oso gogorren ostean lortu dugu lan-baldintzak zeharo hondatzeko asmoak zuzentzea.

ELArentzat akordioa ez da ona; gure ustez ez zen kaleratze traumatiko bat ere gertatu behar (4 izango dira, baina kaleratu guztientzat lan-poltsa bat lortu da 4 urterako). Soldatek ez zuten zertan hainbesteko jaitsiera izan (langile gehienentzat %9 eta %20 bitartekoak izango dira). Haatik, langile guztiak kaleratzeko mehatxua eta CEL likidazioan sartzeko aukera kontuan izanda, hots, ez zela inbertsorerik sartuko enpresa bideragarria izan zedin, ondorioa behin betiko itxiera zelarik, akordioa sinatu egin da.

Maiatzetik hona, hau da, Eusko Jaurlaritzak CELeko akziodun izateari utzi zionetik (%40 zeukan) enpresa konkurtsoan sartu zen eta CELeko langileak bakarrik utzi dituzte; ez dute erakundeen babesik izan. Aldiz, Erkarterrietako bizilagunek bere elkartasuna adierazi digute behin eta berriro.

Salatu dugu Bizkaiko Foru Aldundiak, makina batzuren jabe izanik, ez duela bere esku zegoena egin lan-baldintzak eta enplegua mantentzeko. Hau deigarria da, izan ere, duela oso gutxi, urrian, Bizkaiko Batzar Nagusietan talde politiko guztiek bozkatu zuten kaleratzeen aurkako mozio bat. Egin diren bileratan Aldundiak ez du langileekiko inolako konpromisorik hartu bere gain. Ez dute nahi izan, edo ez dute asmatu, egoera industrial negargarria pairatzen duen eskualde honi laguntzen.

Esan bezala, Eusko Jaurlaritzak maiatzean alde egin zuen enpresatik; jakinarazi zigun taxuzko proiektu industrial bat egotekotan, babesa emango ziola. Hainbat hilabetez desagertuta egon ondoren, bilera bakarra egin ahal izan genuen eurekin, baina orduan esan ziguten CELek -zein beste edozein enpresak- jaso zitzakeen laguntza bakarrak Jaurlaritzaren webgunean zeudela, eta Ikerkuntza eta Garapenari buruzkoak zirela. Jarrera hau justifikaezina da.

Azkenik, administratzaile konkurtsalak oztopoak besterik ez ditu jarri lan-baldintzak eta enplegua mantentzeko; hasiera-hasieratik ontzat eman zuen eta sustatu egin zuen langile guztientzako %20ko soldata jaitsiera. Ondoren, langile guztientzako erregulazio dosierra sartu zuen, eta hau presioa eragiteko tresna gisa erabili dute. Azkenik, ezin ahaztu taldearen aurreko zuzendaritzak egindako lan oso kaskarra, enpresa hartzekodunen konkurtsora eraman zuena.

Akordioa nahi genuena ez bada ere, eta kaleratzerik gabeko aukera esku artean izan zen arren -azken orduan ez sartzea erabaki zuen inbertitzaile katalan batena-, ELAk CELeko beharginen borroka nabarmendu nahi du. Mobilizazio ugari egin dugu, Enkarterrin nahiz administrazioen aurrean. Negoziazio oso gogorren ostean lortu dugu lan-baldintzak zeharo hondatzeko asmoak zuzentzea. Hobekuntza hau ez zen posible izango CELeko langileen inplikazio, salaketa eta etengabeko mobilizaziorik gabe. Borroka benetan duina egin dute.