CEL taldearen etorkizuna bermatzearren ELAk Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari inplika daitezela eskatu die

2017/10/03
ELAk konkurtso-administrazioari berriro eskatu dio erretira dadila CEL taldeko ia langile gehienak kaleratzeko erregulazio-espedientea. Honi buruz irailaren 28an izan den lehen bileran mahairatu du eskaria sindikatuak. Espedienteak taldeko 211 pertsonari eragingo lieke, lanean guztira 254 lagun ari direlarik. Bihar, hilak 4, CELeko langileek manifestazioa egingo dute goizeko 10etan, Bilboko Eusko Jaurlaritzaren delegaziotik hasita.

Gauzak ez dira hobetu; aitzitik, egoera oso larria zen duela hainbat hilabete instalazioak itxita daudelako, argindarra eten egin baitute, eta orain areago okertu da litekeena baita konkurtso-administratzaileak taldea likidatzeko erabakia hartzea.

Konkurtsoa hasiko zela iragarri zenetik hainbat inbertitzaile taldek agertu du CEL taldea bereganatzeko interesa. Irailaren 29an hauetako batek adierazi zuen ez zuela eskaintzarik egingo, konkurtso-administratzaileak ezarritako epeak gainditu zirelako, baina badago oraindik sartzeko prest dagoen talderik. Ondorioz, aukera guztiak aztertu behar dira; etorkizunaz mintzatu beharra dago, ez kaleratzeez.

Berriro salatu behar dugu administrazioek ez dutela behar beste egin CEL talde osoaren etorkizuna bermatzeko proiekturen bat sortzeko. Jakingarria da maiatzera arte Jaurlaritzak enpresa hauen akzioen %40 bere esku zuela, eta hainbat makina Foru Aldundiarenak direla. Haatik, orain arte adierazpen publikoren bat gorabehera, erakundeek ez dute zehaztu zein plan duten CELen iraupena bermatzeko, eta beren gain ez dute konpromiso konkreturik hartu.

Ezin da onartu administrazioetko arduradunek esatea kontua bi astetan konponduko dela, eta aldi berean baldintza jartzea: etorkizuna ziurtatuko bada lan-baldintzak murriztu behar ei dira. ELAk erakundeoi galdegiten diegu industri-plan bat landu dezatela beharginekin, eta berma dezatela denen enplegua, egungo lan- eta soldata-baldintzekin.