CELeko langileek konkurtso-administratzailearen xantaia salatu dute

2017/10/16
Zallako CEL enpresako langileek 24 orduko kanpaldia hasi dute gaur Bizkaiko Aldundiaren jauregiaren aurrean. ELAk Aldundiari eta konkurtso-administratzaileari galdegin die errespeta ditzatela CEL taldeko enplegua eta lan-baldintzak. Era honetan, administratzaileak berak kaleratzeen enplegu-erregulazioko espedientea (EEE) mahairatu zuenean langileei xantaia eragin nahi ziela salatu du.

ELAk bilerak eta harremanak izan ditu Bizkaiko Foru Aldundiko Sustapen sailarekin, konkurtso-administratzailearekin eta hainbat inbertitzailerekin. Ondorioz, honakoa adierazi nahi du sindikatuak:

  • Konkurtso-administratzaileak Merkataritza-Auzitegira baldintza-agiriak eraman nahi ditu CEL Taldea eskuratzeko eskaintzak jasotzeko; ELAk exijitu du agiri horietan ez dadila inbertitzailerik aurrez baztertu, eta berma ditzatela enplegua zein lan-baldintzak.
  • Hori gutxi balitz bezala, konkurtso-administratzaileak epe bat ezarri nahi du, baina hau ez dugu onartuko. Nolanahi ere, administratzaileak berak kaleratzeen EREa mahairatu zuenean langileei xantaia eragin nahi zien; horregatik, berriro eskatuko dugu erretira dezatela.
  • Bestalde, oraingoz Foru Aldundiak ez du konpromisorik hartu CELeko lanpostu guztiak bermatzeko, eta lan-baldintzak errespetatuko direnik ere ez du esan.
  • Eusko Jaurlaritzaren berririk ez daukagu. Gogoratu beharra dago CEL taldea konkurtso egoeran sartu baino egun gutxi lehenago enpresaren akzioen %40 zuela bere esku. Era lotsagarrian desagertu zen.

Beraz, ELAk honako ondorioak atera ditu:

  • Konkurtso-Administrazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiak elkar hartuta jokatzen dute konkurtso honetan; euren helburua, langileak estu hartzea enplegu eta lan-baldintzetan txikizioa onar dezagun. Estrategia hau lotsagarria da, eta CELeko langileak aurrez aurre topatuko dituzte.
  • ELAk galdegiten die konkurtso-administratzaileari eta Foru Aldundiari estrategiaz alda dezatela. Gure iritziz, lanpostuei eta lan-baldintzei kalterik eragin gabe sartzeko prest dagoen inbertitzaileren bat aurkitzeko aukera badago.
  • Eusko Jaurlaritzaren industri-politika (eza) salatzen dugu; aurpegia eman behar du eta CEL taldea salbatzeko irtenbideak proposatu.