Santurtziko Portuan harresia eraikitzeari ez!

2017/11/09
ELAk arbuiatu egin du Santurtziko Portuan harresia eraikitzea, eta bat egin du Harresirik gabeko Munduaren alde gaur ospatzen den ekintza egunarekin. Bilboko Portu-Agintzaritzaren arabera, harresia egiten ari dira Santurtzi eta Zierbenan akanpatuta dauden migrante eta errefuxiatuak Erresuma Batura doazen ferrietan sartzea galarazteko.

Eusko Jaurlaritzako ordezkariak erabaki honekin bat datoz eta argudiatzen dute, ebidentzia ororen aurka, harresi honek jende guztiaren giza-eskubideak bermatzen dituela. Haatik, horma eraiki badute izan da Brittany Ferries enpresaren interesei lehentasuna eman dietelako; enpresa horrek ustiatzen du Britainia Handirako ferrien linea. Beraz, kasu honetan ere instituzioen politikak lehenetsi egiten ditu enpresen interes ekonomikoak, eta alboratu pertsonen eskubide zibil, ekonomiko, sozial eta kulturalak.

Eskubideen eskalan argi dago nork duen lehentasuna. Immigrante eta errefuxiatuak behin eta berriz kriminalizatzen dituzte, eta begibistakoa da negozioak eta giza-eskubideak ez direla bateragarri. Egoerarik ahulenean eta baztertuta dauden pertsonen babesa oraingoan ere ez da aintzat hartzen.

Horregatik, ELAk bere konpromisoari eutsiko dio: pertsona guztientzako eskubiden aldeko borroka eta harresien ukapena.