ELAk Ascensores Rekalderen lehen enpresa-hitzarmen kolektiboa sinatu du

2018/10/03
Ascensores Rekalde Barakaldon dago, 23 langile inguru dauzka, eta igogailu-jardueran aritzen da. ELAk darama enpresako ordezkaritza sindikala, ordezkari batekin. Orain arte aplikatu den hitzarmena eraginkortasun mugatuko Metal Bizkaiko hitzarmena izan da (2008-2011). Orain, ELAk Ascensores Rekalderen lehen enpresa-hitzarmen kolektiboa sinatzea lortu du.

Irailaren amaieran akordio bat lortu dute ordezkaritza sindikalak eta Zuzendaritzak, eta lehenengo aldiz enpresa-hitzarmen kolektibo bat sinatu da. Hona hemen alderdi nagusiak:

  • Indarraldia: 2 urte (2018 eta 2019).
  • Aurrera-eragin mugagabea.
  • Enpresak bere kabuz hitzarmena salbuesterik ez izateko bermeak, ORPRICCErekiko.
  • Soldatak:
    • 2018: KPIren erregularizazioa 2011. urtetik. Aztertu diren urteetako KPIak, guztira, %7,3koa da, eta enpresak apkikatu izan duen %3,5 kentzen badugu (hitzarmenaren kontura), aterako den diferentziala %3,8koa da.
    • Hitzarmena sinatu ostean soldata-taulak %3,8ko diferentzialaz eguneratuko dira, kontuan harturiko urteetako KPIak eguneratzeko, eta hurrengo kontzeptu hauetan aplikatuko da: oinarrizko soldata, hitzarmen-plusa, pizgarririk eza eta antzinatasuna.
    • Borondatezko esker-saria ez da inoiz xurgagarria izango, ezta konpentsagarria ere.
    • 2019: 2018ko KPIren igoera, %1eko gutxienezko bermearekin.
    • Atzerakinak: aparteko ordainsari bat abonatuko da, 2017ko soldata-masa gordin osoaren %2ren parekoa, sektorearen eta nominen kontzeptu guztiak barne, eta bereziki gau-eta-eguneko guardia-plusa barne, kalkulua egiteko 2017ko 10t oinarri hartuz.
  • Enpresak ezin izango du aldaketa nabarmenik egin lan-baldintzetan (Langileen Estatutuaren 41 art. soldata eta lanaldiaren arloetan).
  • Guardiak arautu dira. Horrekiko, guardietako oraingo prezioa %15 igotzea erabaki da, kontzeptu guztietan (abisuak eta finkoa).
  • Joan-etorrien eta nekagarritasunaren plusak ezarri dira.
  • Azkenik, enpresako Zuzendaritzak eta langileen ordezkaritzak erabaki dute Metalaren Estatu Hitzarmena aurrerantzean ez izatea aplikagarria Ascensores Rekalden, eta enpresa-hitzarmenetik kanpo zerbait arautu behar izatekotan, Metalaren Bizkaiko Hitzarmenean ezarritakoa aintzat hartzea.

ELAn oso ondo deritzogu akordio horri. Ascensores Rekaldeko langileek enpresa-hitzarmen bat izango dute lehen aldiz. Horrela, beren lan-baldintzak eta gorabeherak hitzarmen horren arabera arautuko dira, baldintza-maila on batetik eta aplikazio-bermeekin. ELAk sinatu berri duen hitzarmen horren bidez beste enpresa bat geratuko da lan-erreformatik kanpo, eta gainera estatalizazio-mehatxua uxatuko da.

Amaitzeko, azpimarratu beharrekoa da akordio hori Ascensores Rekaldeko langileen antolakuntza-gaitasunari eta indar-korrelazioari esker lortu ahal izan dela.