ELAk Barakaldoko Udala salatu du sorosle grebalariak legez kontra ordezkatzeagatik

2019/10/25
Gaur, grebaren laugarren egunean, langileek Lasesarren egin dute elkarretaratzea, 11:30etan, beren prekaritatea erabiltzaileen aurrean ikusgai jartzeko.

ELAk Barakaldoko Udalari egotzi dio EmteSPORT udal azpikontratako langileak legez kontra ordezkatzea sustatzeagatik. Enpresa horrek udal-kiroldegietan ematen du zerbitzua. Udalak hedabideen aurrean emandako "azalpen" baten bidez adierazi du igerilekuak "ez direla ireki soroslerik gabe, lan hori monitoreek egiten dutelako", haien esanetan "monitore-sorosleak".

ELAk, egintza hori Lan Ikuskaritzan salatzeaz gain, gertaera horren arriskuaz ohartarazi du, bai ur-ikastaroa egiten dutenentzat --askotan umeak--, bai gainerako erabiltzaileentzat.

ELAk salatu duenez, azken hilabeteotan mobilizazioak, elkarretaratzeak eta grebak egin badituzte ere, udaleko gobernu-taldeak ez du langileekin bildu nahi izan bere aldarrikapenak entzuteko. Bilera bakarra Kirolaren Udal Erakundearekin izan dute, eta oraindik ez die erantzunik eman. Alkate andreak ez du bilerarik egin nahi, berariaz eskatu badiote ere.

Azkenik, sindikatuak Barakaldoko gobernu-taldeari jarrera arduragabea eta legez kanpokoa bertan behera uztea eskatzen dio; baita gatazka konpontzen laguntzea ere.

Urriaren 21ean berriro ekin zioten grebari EmteSPORT enpresako Barakaldoko kiroldegietako langileek. Grebaren helburua kolektibo horren prekarietatea ezabatzea da. Horretarako, duten profesionaltasuna aitortu behar zaie berezko hitzarmen baten bidez. Langile horiek ematen duten zerbitzua udalarena da, EMTESPORT enpresari azpikontratatua.