ORTUELLAKO ETXEZ ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA
ELAk beste sei greba egun deitu ditu

Otsailaren 21ean hasi eta otsailaren 28ra arte, langileek aldarrikapenak herriko kaleetara eramango dituzte, talde politikoei lehenbailehen konponbidea bilatzeko lan egin dezaten eskatzeko.
Ortuellako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek zortzi urte daramatzate hitzarmenik gabe, erosteko ahalmena % 17 galduta eta lan-osasunaren arloan inolako hobekuntzarik gabe.
Oso sektore feminizatua da, eta ez da kasualitatea soldatak baxuak izatea. Sektoreak genero-diskriminazio argia bizi du; emakumeek gizartearentzat funtsezko lana egiten duten bitartean, zaintza, alegia, ez da baloratzen eta langileak prekarietatera kondenatzen dira.
Ortuellako Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuko langileak udalerriko gatazkarik luzeenaren protagonista izaten ari dira. Baina 26 greba egunen ostean, enpresak ez du konponbiderik eman. Enpresak negozioa lehenesten jarraitzen du, zerbitzuaren beharrak eta langileen aldarrikapenak alde batera utzita. Egoera onartezina da.