ELAk errefusatu egin du PCBk Barakaldon eta Sestaon dituen lantegietarako proposatutako 133 kaleratzeak

2020/11/24
PCB enpresako zuzendaritzak, ITP Aero enpresa-taldean dagoenak, 133 kaleratze egingo dituela azaldu digu EREaren inguruan gaur egin den lehen bileran. ELAk erabat baztertzen du enpresak proposatutako neurri hori, 133 langile kalean geratzen direlako, urte honen hasieratik berritu ez diren 115 kontratuei gehituta. Gure ustez, enpresak ez ditu neurri hori hartzeko arrazoiak justifikatzen.

Enpresak COVIDek sortutako egoera aprobetxatu nahi du kostuak aurrezteko eta lanpostuak suntsitzeko, irabaziak izan baititu.
Puntu honetara iritsita, ELAk argi utzi nahi du ez dugula onartuko enplegua suntsitzea; horregatik, planteatutako enplegu-erregulazioko espedientea bertan behera uzteko eskatzen dugu eta baita planteatutako kaleratzeak ere.
Aurretik jada esan dugun bezala, langile guztiei dei egiten diegu gatazka honetan aktiboki parte har dezaten, enplegua eta lan-baldintza duinak babeste aldera. Era berean, PCBn Bizkaiko Foru Aldundiaren funts publikoak inbertitu dira: erakunde honi dei egiten diogu kaleratzeak saihesteko aktiboki parte har dezan.