ELAk La Navaleko kontratuak amaitzeko espedientea ez gauzatzea eta Eusko Jaurlaritza enpresaren kapitalean sartzea eskatu du

2018/12/13
Abenduaren 11n izan da La Navaleko kontratuak amaitzeko enplegu-erregulazio espedientearen kontsulta aldiko laugarren bilera. Horretan, ELAk konkurtso-administratzaileari galdegin dio ez dezala EREa gauzatu. Izan ere, aurreikusita dagoen espedientea aurrera aterako balitz, ontziolako 177 lanpostuak eta azpikontratetako 1.800ak desagertuko lirateke.

Aurreko bileretan ELAk eskatu zuen konkurtso-administrazioak egin zitzala kudeaketak Eusko Jaurlaritzarekin, berau La Navaleko kapitalean sar zedin, EREaren kontsulta aldia amaitu aurretik. Konkurtso administratzaileak aitortu du konkurtsoaren fase honetan Jaurlaritzarekin koordinatzen ari dela, baina kapital publikoa sar zedin egin dituen ahaleginak alferrikakoak izan omen direla, euskal administrazioak horretarako borondaterik ez duelako.

Bestalde, kontsulta aldian enpresa batzordeak bilera izan nahi zuen ontziolan esku hartzeko interesa duten inbertsorrekin. Haatik, konkurtso-administrazioak erantzun zuen hori ez zela posible; hau oso erabaki larria izan da.

ELAk Jaurlaritzari, eta zehazki, Ekonomiaren Garapen sailari galdegin dio egin dezala zerbait orain, EREa aplikatu aurretik; La Navaleko langile guztiei eman behar zaie irtenbidea, kapital publikoaren sarrera eta ontziolarentzako finantziazioa medio. Hau espedientea aplikatu aurretik egin ezean, La Navalenak egin du.