ELAk ez du etsiko CELeko industri-proiektuaren alde

Talde honek kaleratze traumatikoak eta soldata-jaitsiera handiak egin nahi ditu, beste eskubide batzuk kentzeaz gainera. ELAn uste dugu proposamen hori hobetzeko aukera dagoela oraindik. Mobilizazioa beste biderik ez dugu. Datozen egunetan behar diren bilera guztiak egiten saiatuko gara honi buelta emateko. Baina hori lortzeko ezinbestekoa da Aldundiak eta Jaurlaritzak ere Lucart taldeari presioa eragitea, kaleratze traumatikorik gerta ez dadin eta lan-baldintza eta -eskubideak errespeta daitezen.
Gaurko egoera ulertzeko prozesuaren irakurketa orokorra egin behar da, gutxienik maiatzetik hona zer gertatu den gogoratu. Lehenik, salatu egin dugu Jaurlaritzaren arduragabekeria: CEL Taldearen akzioen %40 bere esku zegoen, baina akziodun izateari uztea erabaki zuen eta bere partea gutxiengoa zuen akziodunari saldu zion. Horrek eraman gintuen hartzekodunen konkurtsora.
Salatu behar den beste erakundea Bizkaiko Foru Aldundia da: Enpresako hainbat makinaren jabe da, baina hauek martxan jarrai zezaten ez du ezer egin. Gainera, inbertitzaileei ez die ulertarazi enplegua mantentzea zein garrantzitsua den. Betiere enpresa-interesen alde egin du, ez langileen interesen alde. Lan- eta soldata-baldintzak hondatzeko ibilbidean elkar hartuta jokatu du lehengo administratzaileekin eta konkurtso-administratzailearekin.
Azkenik, konkurtso-administratzaileak ere badu bere ardura. Hasieratik Lucart ez beste inbertitzaileak uxatu ditu, ezarritako gutxieneko prezioaren bidez.
Prozesu honetan funtsezkoak izan dira konkurtso-administratzaileak ezarritako epeak, nahiz kontratuak amaitzeko EREa. Konkurtso fasean balizko inbertitzaile batzuk agertu dira. ELAk haiekin negoziatu du, lan-baldintzak eta enplegua bermatu nahian. Baina konkurtso-administratzaileak, instituzioen konplizitateaz, Lucart taldearen interesen alde jokatu du; talde honen proposamena egundoko zartakoa da CEL Taldearentzat eta Enkarterri guztiarentzat.
Proposamenak aurkezteko azken egunean, azaroaren 2an, eskaintza egitekotan zen talde katalan batek proposatzen zuen kaleratzerik ez egitea, lan-baldintzak mantentzea eta 2021rako berreskuratuko zen soldata jaitsiera bat. Halere, azken orduan talde honek eta beste inbertitzaile batzuk ez dute eskaintzarik egin. Beraz, mahai gainean Lucart baino ez dago.