OSAKIDETZA

ELAk murrizketak salatu ditu Gurutzetako ospitaleko larrialdietan eta udan erizain gehiago kontratatzea eskatu du

2024/04/03
Gurutzetako Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuko Zuzendaritzak udako oporretarako erizaintzako plantilla murriztea erabaki du. 2023an 29 langile kontratatu zituen; 2024ean, ordea, 25 baino ez ditu aurreikusi, hau da, iaz baino 4 gutxiago. Erabaki horrek zuzenean eragiten du larrialdietako erizainen oporrak hartzeko eskubidean. Gainera, urrian, zuzendaritzak larrialdietan errefortzu txanda ezarri zien erizaintzako langileei (13:00etatik 20:00etara eta 20:00etatik 06:00etara). 5 hilabeteren ondoren, txanda horietan hutsune bat gertatzen denean, zuzendaritzak bete gabe uzten du, eta eragin negatiboa du gainerako langileen lan kargetan eta zerbitzuan.

ELAk salatu du erabaki horiek dirua aurrezteko hartu direla, eta erizaintzako langileen atseden eta opor eskubidea murrizten dutela, dagoeneko oso tentsionatuta dagoen zerbitzua are gehiago estutuz. “Pazientez betetako korridoreen egoera errepikatzeko eta ohikoak bihurtzeko arriskua dago”, kexu da sindikatua. Guzti horren aurka, ELAk eskatu du, lehenik eta behin, erizaintzako eta gainontzeko kategorietako egiturazko plantilla indartzea, eta bigarrenik, 2024ko udarako plantilla indartzea.